Enpresa berrien inkubagailua du Leioako campusak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urt. 27a, 11:08

Zitek Mintegia izeneko oinarri teknologikoko enpresa berrien inkubagailua inauguratu zuten atzo Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Erandio eta Leioako campusean. Errektoretza eraikinaren beheko solairuan dago eta oinarri zientifiko eta teknologiko handia duten enpresa ekimenei laguntza emango die, arlo akademikotik sortutako ekimenak badira betiere, unibertsitateko iturriek adierazitakoaren arabera. EHU, Bizkaiko Foru Aldundia, BEAZ eta Bizkaia Xede dira inkubagailuaren sustatzaileak. "Zitek Mintegiak ezagutza iturrien inguruko egitura duten eskaerei erantzuten die, era horretan unibertsitatean sortutako proiektuak enpresen errealitatera eramateko", azaldu zutenez. Sustatzaileen hitzetan, "arlo zientifiko-teknologikoa eta enpresa arloa hurbiltzearekin batera sinergia handiak sortuko dira eta transferentzia teknologikoko ratioak hobetuko dira". Horrela, Bizkaiko enpresa-ehuna "dinamikoagoa" izateaz gain, "Bizkaiko ekonomiaren lehiakortasunerako eta hazkunderako onuragarria" izango da. Argazkian, Iñaki Palacios Bizkaia Xedeko gerentea, Iñaki Goirizelaia EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordea eta Ricardo Barainka Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen ahalduna, atzoko ekitaldian.

Egitasmoaren beste helburu batzuk dira unibertsitatean kultura ekintzailea hedatzea eta berrikuntza eta ezagutza prozesuetan kualifikatutako pertsonak erakartzea eta eustea, balio erantsi handiko sektore berrietan aukera handiak dituen enpresa-ehun berria eta dibertsifikatua garatu ahal izateko. Halaber, inkubadorearen helburua da oinarri teknologikoko enpresen lehen urratsetarako laguntza zerbitzuak optimizatzea, horrela ekimenek aukera handiagoak izango baitituzte arrakastatsuak izateko.

Zerbitzuak

Zitek Mintegia eraikinak 680 metro koadro ditu eta honako lokal hauetan antolatuta dago: ekintzaileentzako gela bat; erabilera anitzeko areto bat (bilerak, ikastaroak eta emanaldiak egiteko); bederatzi modulu, proiektuentzat eta enpresentzat; eta inkubagailuaren arduradunen bulegoak. Eskaintzen dituen zerbitzuen artean, proiektuak garatzeko espazio fisikoa dago; horrez gain, ienpresa sortzerakoan eragileei eman behar zaien laguntza osoa koordinatuko dute eta gainbegirale lanak egingo dituzte arduradunek, negozio-plana prestatzerakoan, finantzaketa eta baliabideak bilatzerakoan eta prestakuntzari dagokionez. Halaber, proiektuen eta enpresen arteko sinergiak aprobetxatzen saiatuko dira; horretarako, unibertsitatean bertan eta unibertsitatez kanpo dauden proiektuez eta enpresez baliatuko dira. Modu honetan, baliabideak optimizatuko dira eta ekimen guztiak indartuko.

Enpresa hauek bide bat egingo dute Zitek Mintegian sartzen direnean. Lehenik, inkubazio aurrea eta sorrera (sustatzaileen aretoa). Lehen fase honetan, ekintzaileak edo sustatzaileak enpresa berria martxan ipintzea erabakitzen duen arteko lan guztiak sartzen dira. Epea, gehienez, sei hilabetekoa izango da. Helburua lanerako ingurune egokia antolatzea da, enpresen errealitatearekin lotuta eta inkubadorearen laguntzarekin, ekintzaileak enpresaren oinarrizko alderdiak definitu eta negoziorako benetako aukerak ebaluatu ditzan.

Bigarrenik inkubazio fasea eta garapena dago. Fase honetan, inkubagailuak gero eta garrantzi txikiagoa izango du, enpresak lehiakortasunez parte har dezan merkatuan. Epea, gehienez, bi urtekoa izango da. Merkatuan sartzea, produktua edo zerbitzua behar bezala garatuz, eta finantzaketarako aukerak bilatzea da helburua. Fase honen amaieran, uste dute merkatu-hobi bat egongo dela eta hor oinarri teknologikoko enpresa berriak bere jarduna garatu ahal izango duela. Behin inkubagailutik pasa ondoren, enpresaren helburua merkatuan sendotzea izango da eta, horretarako, litekeena da dibertsifikatzen eta beste enpresekin teknologia trukatzen hastea. Produktuak bertsio berrien bidez hasiko dira egonkortzen eta heltzen.

Hilabeteko epean, EHUko Gobernu Kontseiluak Zitek Mintegian kokatu nahi izango duten ikerketa taldeek heldu beharko dioten kontratu mota onartuko du. Bestalde, datorren astelehenerako lanean egongo da inkubagailua kudeatu eta administratuko duen pertsonala.

Emaitzak

Emaitza kuantitatiboei dagokienez, Zitek Mintegiaren arduradunek uste dute 2010erako oinarri teknologikoko zortzi enpresa berri sendotze-fasera iritsiko direla. Honelako enpresa hauek 10-15 langile izaten dituzte, batez beste, lehen urteetan. Kopuru horiek handitzen joango dira, inkubadoreko proiektua sendotzen doan neurrian. Egitura hau Bizkaian lehendik dauden enpresa inkubagailuen eta mintegien sarearen osagarri da. EHUk berak enpresen mintegi unibertsitario bat du, Portugaleteko Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoan. Zitek Mintegia, Bizkaiko Foru Aldundiaren BEAZ enpresaren, IBAE elkartearen, BBK Gazte Lanbidean Fundazioaren eta EHUren beraren ekimen bat da. 1998an jarri zen martxan, unibertsitarioen artean kultura ekintzailea sustatzeko eta enpresa berrien sorrera errazteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun