Etxeratek "politikotzat" jo zuen
atzo Espainiako Auzitegi Nazionalak Iñaki de Juana Chaosen aurka hartutako erabakia. 82 eguneko gose grebaren ostean hiltzeko arrisku larrian dago presoa, baina, behin-behinean espetxean mantentzea eta bere gogoz kontra elikatzea erabaki zuen auzitegiak, fiskalaren eskariaren kontra. Serio eta haserre azaldu ziren atzo 14 bat senide, prentsaurrekoan, Estanis Etxaburu bozeramailearekin batera. Azaldu zutenez, "zirku madarikatua" izan zen herenegun Madrilen. Gogor salatu zuten auzitegiak De Juana "hil arte torturatzea" erabaki izana. PSOEren erabakia da gainera hori, Etxeraten iritzian. Kalean, berriz, milaka herritarrek salatu zuten aipatu erabakia; baita presoaren askatasuna aldarrikatu ere. Hileko
azken ostirala zen, eta hilero bezala, mobilizazioetara deitu zuen Etxeratek, eta erantzun egin zuten milaka herritarrek. Uribe Kosta eskualdean, besteak beste, 160 lagun elkartu ziren Algortako Telletxe plazan, 89 Leioako Boulevardean, 55 Sopelan, 43 Berangon, 34 Erandion eta 22 Urdulizen. Bestalde, gaur "
El Pais" egunkariak jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak otsailaren 12an
aztertuko du De Juanaren kasua.