Getxo Biziak zabaldutako oharra:
Andra Mari auzo elkartearen manifestazio deialdiarekin bat egiten dugu
Getxo Bizia Herri Plataformak igande eguerdirako Andra Mari Auzo Elkarteak deituriko manifestazioan parte hartzera deitzen ditu herritarrak.
Lurralde antolaketa eta hirigintza plan hauei ez!
Etxebizitza arazo larria da. Guztiontzako etxebizitzak egon badaude, baina jende asko eta askorentzat eta bereziki gazteentzat prezio eskuraezinak dituzte. Hutsik dauden etxebizitzak ere, milaka dira Getxon.
Bizkaiko Aldundiak eginiko Bilbo Metropoliaren Lurralde Zati Planak eta Getxoko hirigintza plangintzek, -indarrean dagoenak eta hau LZPra egokitzeko dokumentuak-, lurzoruaren okupazioa eta eraikuntza bultzatzen dute. Milaka etxe berri eraikitzearekin batera Babes Ofizialeko Etxebizitzen eskaintzak arazoa konponduko duela diote.
Baina eraikuntza batez ere negozioa da eta ondasun higiezina espekulazio gaia. Gehiago eta gehiago eraikiz negozioa eta espekulazioa biderkatuko dira, eta etxebizitzaren arazoa ez da konponduko. Etxebizitza guztiontzat eskuragarri izan dadin, administrazioek alokairu soziala bermatu behar dute eta hutsik dauden etxeek hutsik egoteari utzi behar diote.
Oraindik artifizialdu gabeko lurzoruak ditugun Getxoko eremu zabalean, Getxoren jatorria den nekazal eremuan alegia, 8.368 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten du Udalak prestaturiko txostenak. Etxebizitza beharren azterketarik egin gabe, mendetan zehar gorde egin den altxor natural eta kulturala zementupean estali nahi dute. Getxotik hasi eta Uribe Kosta osora hedatu nahi dute hondamendia.
Natur eta kultur ondarearen alde, etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren kontra, posible den mundu horrek behar duen Getxoren alde egin dezagun! Andra Mari auzo elkartearen deialdiarekin bat egin!
Domeka, urtarrilaren 28an, eguerdiko 12etan, manifestazioa:
Getxoko Probalekua – Maidagan - Benantzio – Sarrikobaso – Algortako Etorbidea – Mariandresena - Telletxe – Txiki eta Otaegi
Getxo Bizia
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!