Etxeratek jakinarazi duenez,
atzo hil zen Iñaki de Juana Chaosen ama, 83 urte zituela, gaixotasun larri baten ondorioz. Hain zuzen, 83 egun gose-greban daramatzan euskal preso politikoa aske uzteko eskatzeko, Esperanza Chaosen osasuna izan zen Alvaro Reizabal abokatuak Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkeztu zuen helegitean aipatu zuen argudioetako bat: hura larri zegoela. 2005eko ekainetik ez zuten elkar ikusten ama-semeek, amak ezin zituelako ehunka kilometro egin errepidean. Bitartean, Espainiako Auzitegi Gorenak
otsailaren 12an erabakiko du De Juanaren zigorra berresten duen (12 urte eta erdiko zigorra jarri zion Auzitegi Nazionalak), zigorra lau urtetara jaisten duen fiskalak eskatu moduan, aske uzten duen abokatuak eskatu moduan edo 96ra igotzen duen AVTk eskatu moduan. Erabakia dena delakoa ere, ama ez du bizirik ikusiko preso donostiarrak. Argazkian, Algortan pasa den abenduaren 29an hainbat solidariok Iñaki de Juanaren askapena aldarrikatzeko egindako ekimena.