Garapena beharrezkoa da eta denok gaude herria garatzearen alde, baina ezin dugu inposizioz sinatutako proiektu arrotzik ulertu. Proiektu honek kaltetuak ez dira euren baserria galduko dituztenak bakarrik; herritar guztiak, baikoitza bere neurrian, gara kaltetuak, eta ez Andra Mari auzoan gertatu daitekeenarekin, baizik eta herrian ematen diren beste inposizioekin ere: Galdaretxe, talaxoterapia zentroa, Erromoko parkinga... Joko politikoak, beste behin ere, jokaldi eskasak erakutsi dizkigu eta gaur egun udaletxean dauden talde politikoetatik batek ere ez du inolako informazio, harreman edo hartu emanik bilatu, momentuko interes alderdikoiengatik ez bada izan. Argi dago, inork ez gaituela udaletxe honetan ordezkatzen. Gure ahotsa entzunarazi behar dugu. Eta hemen dago gure oihua: lur barik, arnasarik ez! Lurra jaten dabilz, behin betirako lurra irensten, beharrezkoa den baliabidea murrizten, bizitza laburtzen, herriaren bizitza, nortasunaren bizitza, Amalurraren heriotza.
Etxebizitzaren egoera larria da. Denok ulertzen dugu gaur egun etxea lortzeko dauden zailtasunak. Baina espekulazio iraunkor eta basatiaz aparte, alternatibarik badago zailtasun horiek bideratu, berrantolatu eta arintzeko. Hazkunde proportzionatua lortzeko. Beraz, proiektua berrikusi, berrantolatu eta berriz zerotik hastea aldarrikatzen dugu. Aipatutako baldintza partehartzaile batzuetan oinarrituta. Ez gara isilduko! Gaurko eguna oso garrantzitsua da. Erakustaldi bat izan da herria bizirik eta arduratuta dagoenaren seinale. Herriari errespetu bat zor zaio. Horregatik gaude hemen! Hemendik aurrera ere lanean jarrai behar da eta guztiei luzatzen dizuegu gonbitea elkarrekin herriaren alde lan egiteko. Arnasten jarraitu behar dugu.
Lur barik, arnasarik ez. LZP gelditu!
Andra Mari auzo elkartea