Eguerdiko 12ak aldera abiatu da Getxoko probalekutik, 8.368 etxebizitzaren eraikuntza, LZP eta HAPOren aurka, Andra Mari auzo elkarteak deitutako manifestazioa. Lelo nagusia bat zen, "Lur barik, arnasarik ez. LZP gelditu!", baina ibilbidean zehar, dozenaka zenba zitezkeen espekulazioaren, EAJren, Udalaren... kontra eta herritarron erabaki ahalmenaren, baserriak eta basa-inguruak babestearen... aldeko kartelak. "Andra Mari bizirik", "Gure lurra, gure ardura", "El Ayuntamiento nos deja sin pimientos" eta "Ayuntamiento, miento, miento, miento" bezalako ohiak ere ozen entzun dira Maidagan kaletik Algortara bidean. Hain zuzen ere, bi herrien mugan, hots, Bidezabal eta Sarrikobaso arteko bidegurutzean (Benantzio) egin dio adierazpenak UKBERRI.NETi Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaileak. Bere alderdiko Eduardo Andrade zinegotzia eta bizkarzainekin, Iñaki Urkiza Etxebizitza zinegotzia (EB-Berdeak) "leihotik begira egongo ote zen" trufaka aritu ostean, "udalerrian izandako manifestaziorik jendetsuenatzat" jo du gaurkoa Arruek: "Maidaganeko pasonibela lurperatzearen alde asko batu ginen, baina gaurkoa, duda barik, jendetsuena da", nabarmendu du. Horren harira, gogor egin du EAJren aurka ordezkari popularrak: "Euren proposamenaren aurka dago herritarren gehiengoa. Zortzi urtetan babes ofizialeko 48 etxebizitza baino ez dituztenean banatu, horrelako proiektu handimandia plazaratzen dute hauteskundeetatik gertu". Baserriak bota eta Getxo ingurua hormigoitu barik, "etxebizitzak hirigunean" eraiki beharko liratekeela uste du Getxoko PPk. Arruek emandako datuen arabera, "1.257 etxe sartzen dira dagoeneko urbanizaturik dauden udalerriko guneetan. Horiek eginda, gehiagoren beharra badagoen aztertu beharko litzateke ondoren".
Auzotarren "berekoikeria"
Sarrikobaso igaro eta Algortako Etorbidean barrena, batzokiaren aurrean bat egin dute protestak eta kirolak. Itxartu taldeak 21. krosa egiten ari zen Basagoiti etorbidean eta helmugan bertan zegoen Iñaki Zarraoa alkatea, sariak emateko agian. Nahiz eta manifestazioa egin eta euren iritzia emateko "zilegitasun osoa" daukatela aitortu, protestan egon diren guztiak getxoztarrak ("ez Andra Marikoak, ez Azkorrikoak, ezta Getxo udalerrikoak ere") ez direla agertu nahi izan du udal agintariak, eta "erlatibotzat" jo du parte-hartze handia egon izana. Horretaz gain, euren erreibindikazioan "berekoikeria pixka bat" badela aipatu du Zarraoak, "etxebizitza lortzeko zailtasunak dituzten herritar asko (gazteak...) egonda, horiek nonbait eraiki behar direla kontutan hartzen ez dutelako".
Ehunaka lagunek Mariandresena, Telletxe eta, berriro, Algortako Etorbidea kaleak Getxoko basa-ingurua "deuseztearen" kontrako aldarriekin bete ostean, txalapartaren doinuek eta Fredi Paia eta Josu Landetaren bertsoek hartu dituzte ekologistak, auzotarrak, euskaltzaleak, herri mugimenduetako kideak... San Nikolas plazan. Bertan, Bakio ("Bakio: denon artean eraikitzen?" leloko pankarta zeramaten), Lezama, Sopela, Berango eta beste hainbat txokotatik hurbildutako lagunei eskerrak eman eta gaurko manifestazioaren zergatiak azaldu ditu Andra Mari auzo elkarteak. "Getxoko Andra Mari auzoa desegin behar duen proiektua" zein "eskualdean eta Euskal Herrian orohar, suntsiketa eragin behar duen" Lurralde Zati Plana "arduragabekeriatzat" jo ditu Lander Labajok. Auzotarren ustez, "modu ilun eta izkutu batean" beharrean, Getxo aldean etxebizitzak egiteko proiektua "gardentasunez erakutsi eta eztabaidagai bihurtu behar da. Herritarren partehartzea bultzatuz, amalurra zainduz eta historia errespetatuz". Gaurko "arrakasta" ikusita bide horretan jarraituko dute, "proiektua berrikusi, berrantolatu eta berriz zerotik hastea aldarrikatuz".
Uribe Kosta osoa jokoan
Getxo Biziko Christian Reinickek ere auzotarrekin bat egin du "gaurko eguna oso garrantzitsua eta manifestazioa herria bizirik eta arduratuta dagoenaren seinale" dela adierazterakoan. EB-Berdeak taldeak "birritan pentsatu beharko du zertan dabilen" ezker abertzaleko herri plataformaren ustez. Hala ere, "arazoa" Getxo udalerriarena bakarrik ez dela ohartarazi du Reinickek: "Lurralde Zati Planak Uribe Kosta osoan eragingo du modu zehatz batean. Bada, heldu da garaia herri guztien artean eskualdean dauzkagun ondasun natural eta kulturalak defendatzeko", adierazi du. Etxebizitzaren arazoari erantzuna emateko, ezker abertzaleko plataformak alokairu sozialaren eta “hutsik dauden etxeak (3.700 inguru)" erabiltzearen aldeko politikak eskatzen ditu, "neurririk gabe eraikitzea guztiz baztertuz". Izan ere, 2.500 dira gaur egun Etxebiden izena emanda duten getxoztarrak.