Aranagak nabarmendu du 24 direla Getxo "marka" bereganatzeko baldintzak betetzen dituzten talde esanguratsuenak. Errugbia, atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, igeriketa, boleibola, emakumezkoen futbola, pilota, piraguismoa eta kirol egokitua dira, besteak beste, talde hauek egiten dituzten kiroletako batzuk. Ikasleen guraso elkarteek eta Getxo Kirolak erakundeak ere inplikatuko dira "marka" berriarekin. "Taldeek dagoen kirol eskaerari erantzuteko, antolatzeko eta kudeatzeko gaitasuna edukiko dutela bermatuko dute", nabarmendu Aranagak. Kirol zinegotziak jakinarazitakoaren arabera, datorren denboralditik aurrera, Getxo izena hartuko duten taldeek "marka" identifikatzen duen ekipamendua eta armarria izango dute, herriko lehen Getxo "marka" izango duen Getxo Arraun Elkartearentzat egin dutenaren antzera.
Egitasmo hau gobernu taldeak prestatutako Kirol Planaren zutabe nagusietako bat da. Amaitzear dagoen zortzi urteko legegintzaldiarekin batera agortuko da ere egitasmoa, bere helburu nagusia "kirol bikaintasuna" bilatzea dela, udal arduradunen hitzetan. 2007an egitasmo honetara Udalak zuzenduko duen dirua 700.000 eurokoa da. Getxo ikurra beregain ez hartzea erabakitzen duten taldeei dagokienez, "nork bere ibilbideari eutsi beharko dio", Aranagaren arabera, "Udalaren dirulaguntzak jaso eta instalazioak erabiltzen jarraitu ahal izango duten arren".
Kirol eskolak
Bestalde, 2007-2008 ikasturterako kirol eskolak jarriko ditu Getxoko Udalak, 8 urtetik gorako gaztetxoentzat. Hau ere Kirol Planaren beste zutabe nagusietako bat da eta Eskola Kirola proiektuaren barruan dago. Azken honen ardatza, orain artean, “kirol askotako”ekinaldiak izan dira eta bere helburua da, "lehiakorra ez den kirolaren filosofia zabaltzea eskola-umeen artean". Kirol eskolak ikastetxetan egiten den jardueren osagarri izango dira.
Azpiegiturak
Kirol Planaren hirugarren zutabea azpiegiturak dira, Aranagak nabarmendu duenez, kirol jarduera “duina” ahalbidetzen dutelako. "Etengabe barriztuz eta handituz doaz, 350 mila metro koadrotik gorako azalera dute gaur egun", gaineratu duenez. Kirol zinegotziak aurreratu du bestalde, laster Udalak hitzarmena sinatuko duela Eusko Jaurlaritzarekin herriko kirolari gazte eta talde onenek Fadurako Teknika Hobekuntzarako Zentroa erabili ahal izateko. Gaur egun Yera Campos tenislariarekin eta Garazi Sanchez surflariarekin egiten duten moduan, kiroletan etorkizun oparoa izan dezaketen getxoztarrak laguntzen jarraituko dutela baieztatu du azkenik.