Martxotik aurrera etxeko olioa birziklatuko dute Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urt. 30a, 20:43

Uribe Kostako beste hainbat udalerrietan egin bezala, martxotik aurrera, etxeko olioa jasoko dute Leioan, birziklatu ahal izateko. Horrenbestez, bilketa hileko bigarren astelehen eta ostegunetan egingo da, ezarritako ordutegi eta guneetan (Ikea Barri plaza, Basañez-Artatza, Artatzagane, Pinueta, Lamiako). Gune horietan furgoneta bat egongo da, sukaldean erabili ondoren, leioztarrek gordetako olio jasotzeko. Hori bai, gorde aurretik "hozten uztea" gomendatzen dute udal arduradunek. Halaber, olioa edozein ontzitan gorde daitekeen arren, errazago egiteko, bi litroko plastikozko potoak banatuko dituzte, otsailaren 19tik 23ra, leku hauetan: Sakoneta kiroldegia; Pinueta, Txorierri eta Lamiako adinekoen etxeak eta San Bartolomeko kultur aretoa. Potoek daramaten etiketan agertuko dira bilketa orduak eta lekuak. Argazkian, eskualdeko beste herri batzuetan horrelako poteak banatu dituzte.

Leioako Udalak etxeko olioa biltzeko "dohainiko" zerbitzua jarriko du abian martxotik aurrera, gaur eskainitako prentsaurrekoan, Eneko Arruebarrena Ingurumen zinegotziak jakinarazi duenez. "Etxe gehienetan, sukaldean erabilitako olioa sukaltarritik behera botatzen da. Horrek, saneamendu sareetan eta hoditerian kalteak eragiteaz gain, izugarri kutsatzen ditu gure errekak, araztegiek ezin dituztelako guztiz berreskuratu olioa duten urak", azaldu du udal agintariak. Zerbitzu berri horren bidez, olioa hartu eta eraldaketa-fabrika batera eramango dute, bertan, dagozkion prozesuak egin eta biodiesel bihurtzeko. "Gasolioaren ordezkoa da, erabat erabilgarria diesel motoreetan. Erregai honek hobetu egiten du motorraren errendimendua eta berorren iraupena luzatzen du. Gainera, biodieselaren erabilerak nabarmen murrizten ditu emanazio kutsatzaileak", argitu du Arruebarrenak. Bestalde, olioa batzeko furgoneta erabiliko dute "isuri edo su hartzeko arriskua saihesteko momdurik onena" delako. Bidoi bereziak egongo dira furgoneta barruan.

Olioa non eman

Esan bezala, hileko bigarren astelehen eta ostegunetan jasoko dute olioa, aurretik jarritako ordutegi eta guneetan:

Hileko bigarren astelehena:
10:00-16:00 Ikea Barri plaza.
15:30-17:30 Artatza kalea (farmazia).
17:30-19:30 Artatzagane (farmazia).

Hileko bigarren osteguna:
10:00-12:00 Pinueta (kioskoa).
12:00-14:00 Lamiako (geltokia).

2006ko datuak

Ingurumen arloari dagokionez, 2006a "bikaina" izan da Eneko Arruebarrena zinegotziak adierazitakoaren arabera. Udal arduradunak emandako datuen arabera, iaz 988.760 kilo paper eta kartoi (30,84 kilo biztanleko) jaso ziren, 2005eko 875.770 kiloen aldean. "Kontuan hartu behar da 2006ko martxoan ostalari eta merkatarientzako edukointzi bereziak (129 guztira) jarri genituela, edukiera handiagokoak gainera (3.000 kilotik 3.200era) eta hondakinak egun gehiagotan bilduz. Hamabi hilabetera hainbanatuz gero, 1.186.512 kilo jaso (41,78 kilo biztanleko) eta %35,48koa litzateke gorakada", azaldu du Arruebarrenak.

Beirari dagokionez, iaz 518.000 kilo (17,82 kilo biztanleko) jaso ziren, 2005eko 491.000 kiloen (17,04 kilo biztanleko) aldean, %5,5 gehiago. Ontzietan, berriz, iaz 350.000 kilo (12,06 kilo biztanleko) jaso ziren, 2005eko 329.000 kiloen (11 kilo biztanleko) aldean, %6,37 gehiago. Hain zuzen ere, bi hauei dago lotuta abenduko udalbatzarrean onartutako Tokiko Agenda 21eko ekinbideetako batzuk. Besteak beste, egun dauden 125 edukiontzi berdeen (beira) tokian handiagoak (3.000 kilotik 3.500era) jarriko dituzte. Horretaz gain, paper eta kartoiarekin gertatu bezala, edukiontzi horiak (ontziak) ostalari eta dendarientzat egokituko dituzte.

Ehun-gaietan, iaz 72.821 kilo (2,53 kilo biztanleko) jaso ziren, 2005eko 70.822 kiloen (2,36 kilo biztanleko) aldean, %7 gehiago. Azken lau urtetan nabarmena izan da honetan emandako gorakada: 30.000 kilo jasotzetik 72.000 baino gehiagora. Egun, 7 edukiontzi daude Leioan. Arruebarrenaren hitzetan, pilen bilketa litzateke "erronka nagusietako bat". Iaz 864 kilo jaso ziren, 2005eko 606 kiloen aldean, %42,43 gehiago. "Izandako hobekuntza kontutan hartzekoa da, baina ez gara konformatzen 864 kilo jasotzearekin soilik. Edukiontzi gehiago jarriko ditugu laster dendetan", iragarri du Ingurumen zinegotziak. Azkenik, altzari, elektrotresna, jostailu eta bestelakoen artean, 175.580 kilo jaso zituen Udalak, 2005eko 174.970 kiloen aldean, %1 gehiago. Horietatik %72 birziklatu zuten eta gainontzekoa bota.

Etxeko hondakinak

Bestalde, etxean sortutako hondakinen artean, iaz 8.380.380 kilo jaso ziren, 2005eko 8.314.400 kiloen aldean Leioako kaleetan dauden 229 edukiontzi grisetan, %0,01 gehiago hortaz. Arruebarrenak nabarmendu duenez, biztanle bakoitzeko alderatuta (2005ean 295,89 kilo bakoitzeko / 2006an 295,09 kilo), behera egin du zaborren kopurua. Udal arduradunaren hitzetan, "horretan beti egon gara Bizkaiko bataz bestekoaren azpitik. Hala ere, urtetik urtera kopurua gora zihoan, pizkanaka bazen ere". Azkenean, leioztarren kopurua gora egin duelako dela onartu du zinegotziak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun