B eta D ereduen aldeko informazio kanpaina abiatu du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urt. 31a, 19:26

Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak B eta D ereduen aldeko informazio kanpaina abiatu du berriro 2 eta 3 urteko umeak dituzten gurasoei zuzenduta. Kanpainaren leloa, iaz bezala, "1+1=bi" da, eta bere helburua "udalerrian hezkuntzak dituen ezaugarri bereziei buruz" informatzea da, "hezkuntza elebidunak duen garrantzia" nabarmentzearekin batera, "hori baita, gainera, beste herri edo kontinente batetik iritsi berriak diren pertsonen bertokotzea lortzeko gakoetako bat", udal iturrien hitzetan. Gogoratu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsita eta Ikerketa Sailak otsailaren bigarren hamabostaldian zabalduko du, seguruenik, ume hauentzako aurrematrikulazioa egiteko epea. Argazkian, Leioako Altzaga ikastolako umeak.

Imanol Landa zinegotziak nabarmendutakoaren arabera, "une garrantzitsua da gurasoentzat, erabaki egin behar dutelako beren seme-alabei zelako heziketa emango dieten, eta horregatik uste dugu Euskara Zerbitzuan egokia dela eredu elebidunen aldeko sentsibilizazio kanpaina hau berriro ere abiatzea". Erabaki hau, Landaren hitzetan, "ikerketa teknikoetan arrazoituta" dago, hauek egiaztatu baitute "eredu elebidunak direla, D eredua batez ere, heziketa elebiduna lortzeko bermerik handiena eskaintzen dutenak". Hezkuntza elebidunak "onurak dakartza", Euskara zinegotziaren esanetan. "Era honetako hezkuntza jasotzen duten umetxoek ikasketa emaitza hobeagoak lortzen dituzte, gerora lana lortzeko aukera handiagoak dituzte eta gaztelaniaren eta euskal kulturen ateak irekitzen dizkie", zehaztu duenez. Halaber, bere esanetan, gurasoek hartutako erabakiek berresten dituzte abantaila hauek; izan ere, Getxo udalerrian 2006-07 ikasturtean haur eta lehen hezkuntzako matrikulazioen %75 eredu elebidunetan izan dira.

Gida eta puzzlea

Kanpainaren harira, "Ume elebidunen gurasoentzako eskuliburua" gidaren 2.500 ale banatu dira jaioberri eta 3 urte arteko umeen gurasoen artean. Bere helburua da gurasoek hezkuntza eredua aukeratzerakoan eduki ahal dituzten zalantzak eta ikarak uxatzea. Eskuliburuaz gain, Getxoko Udalak 2 eta 3 urte arteko umeen gurasoei bereziki zuzendutako informazio foiletoa bidaliko du datorren astean euskal hezkuntza sistemaren nondik norakoa azaldu aldera, eta umeek "1+1=bi" kanpainaren leloa daraman puzzlea jasoko dute. Azkenik, Getxoko Euskara Zerbitzuak eredu elebidunen inguruko hitzaldi informatiboa antolatu du datorren otsailaren 14rako, Itzubaltzeta / Erromoko kultur aretoan, 0 eta 3 urte arteko seme-alabak dituzten etorkinentzat.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun