Behin prentsaurrekoa amaituta, ikerlan horien planoak erakutsi dizkie kazetariei Urkizak, Deanek esandakoa "baieztatzeko". Horrelako salaketak egiteko "onartuta ez dagoen txosten ekonomiko bateri heltzea" egotzi die auzotarrei Etxebizitza zinegotziak. "Kostuak eta diru-sarrerak zehaztu ahal izateko horrelako txostenak egiten dira: etxebizitzen %75 botako bagenu... Proiektu guztietarako egiten da, kontua da normalean gordeta uzten dela. Guk erakutsi egin dugu, ordea", azaldu du udal agintariak, "behin eta berriro azaldu" dietela gaineratuz.
"Aliantza bitxiak"
Egitasmoaren aurkako manifestazioan emandako "aliantza bitxiei" buruz luze aritu da Dean. "Lurjabetza defendatzen dutenak alde batera utzita, deus onik ez dakar PPk eta Batasunak (Getxo Biziari buruz) bat egiteak. Ederki ikusi genuen Eusko Legebiltzarrean Lurzoruaren Legearekin". Popularrei zein ezker abertzaleari "ongizatearen bidean jendartea aurrera egitea oztopatzea" egotzi die Lakuako ordezkariak. Bere hitzetan, "ezer gutxi axola zaizkie berdeguneak, gazteak etxebizitzak edukitzea edo herritarrak eurak". Are gehiago, "dirudunentzako etxebizitzak egitea" defendatzea egotzi die 2001ean onartutako proiektua mahaigaineratuz. Horren arabera, txaletak egiteko ziren Getxo aldeko 250 hektarea. "Orduan ez ziren kalera atera eta orain eskandalizatu egiten dira. Bada, ez diogu jaramonik egingo auzotar batzuen eta bi alderdi politikoren txantaiari. Orain urte batzuk, ontzat hartzen zituzten txaletak eta orain arazoak baino ez dizkiote ikusten kutsu soziala duen proiektuari", deitoratu du Deanek.
Auzotarren iritzia
"Inposatutako" proiektua denik gezurtatzen, berriz, Urkiza izan da lehena. "Ez da egia. Maiatzetik gabiltza alegazioak jaso eta auzotarrei iritzia eskatzen. Gainera, oraindik ez du ezer onartu Udalak", adierazi du. Etxebizitza zinegotziak azaldutakoaren arabera, "interesgarriak" iruditu zaizkien auzotarren proposamenetako batzuk kontutan hartuta egitasmoa birmoldatu ostean, berriro aurkeztuko zaio jendeari. "Herritarron parte-hartzea ahalbidetzeko Lurzoruaren Legea zehazten dituen hiritarren parte hartze programaren edukia eta udal planaren kontseilu aholkularia baliatuko ditugu horretarako", adierazi du Deanek. "Beharrezkoa ez den arren", ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlana egingo dutela aipatu du sailburuordeak. Orduan etorriko lirateke baita HAPOren aldaketa egiteko lan juridikoak eta aipatu aldaketaren behin-behineko onarpena, "urte edo urte t'erdiko epea orotara".
Etxebizitzak hirigunean eraikitzeko eskaerari dagokionez, bertan 2.000 bat egingo direla aurreratu du Urkizak, "baina ez dira nahikoak". Udal ordezkariak emandako datuen arabera, 9.172 dira Etxebiden Getxo udalerria aukeratu duten lagunak. Ekologistekin, berriz, "konponduko" direla baieztatu du Deanek. Jaurlaritzako arduradunak dioenez, "100 hektarea beteko dituzte berdeguneek eta getxoztar guztientzako ekipamenduek". Espekulazio salaketei buruz, azkenik, "prezioak finkatuta duten etxeak egitea espekulazioari aurre egiteko modurik onena", Deanen ustez.