Futbol zelai berria dauka Berangok

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ots. 1a, 15:56

Berangok futbol zelai berria dauka atzotik, Iturriaga futbol zelaia inauguratu dute eta. Berritze lanen baitan, lehen zeukan belarra aldatu da, eta artifiziala jarri dute orain. Gainera, gauez jokatu ahal izateko argitzeko sistema berria ezarri zaio, potentzia handiko fokuekin. Era honetan zelaia erabiltzeko ordutegia ere zabalagoa izango da, iluntzearekin batera ez delako itxiko. Aldagelak ere erabat berritu dira eta, inguru osoa txukuntzeaz gain, ikusleen harmailak margotu dituzte. Milioi bat euroko aurrekontua izan du berritzeak, udal iturriek jakinarazi dutenez. Miren Dobaran alkatea azpiegitura berriarekin "gustura" azaldu da, "edozein herritarrek futbol zelaia erabiltzeko aukera izango duelako". Argazkian, bi mutiko futbolean jolasten.

Udal mandatariak esan bezala, "belarrak mantenu lan handia zuen eta horregatik herriko futbol taldeak bakarrik zeukan hemen jokatzeko aukera. Belar artifizialarekin ez da halakorik gertatzen, beraz, zelaia edonork erabili ahal izango du goizean goiz hasi eta gauera arte". Zelaian jokatu nahi duten taldeek laster izango dute eskura telefono zenbaki bat, erreserbak egin ahal izateko. Zelaian inor ez dabilenean, gainera, nahi duenak sartu eta jokatu ahal izango du. "Jende guztiari zabaldutako zerbitzua izango da, txikienetik hasi eta herriko helduenenganaino", esan du alkateak.

Eskerrak

Uribe Kostako hainbat herriri eskerrak eman dizkie Dobaranek, zelaiko lanak egiten ari ziren bitartean beraien futbol eremuetan jokatu ahal izan duelako Berangoko taldeak. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBK kutxaren laguntza ere azpimarratu du, egitasmoari emandako diruarengatik. "Zelaiaren berritzea oso obra garrantzitsua izan da guretzat. Denbora generaman ideiari bueltaka eta orain gauzatu ahal izan dugu", adierazi du. Berangoko alkateaz gain, atzoko iinaugurazio ekitaldian izan ziren, besteak beste, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Iñaki Mujika Kiroletako foru diputatua. Aurreskua dantzatu eta zelaia bedeinkatu ondoren, Ignacio Pascual Berangoko futbol taldeko diruzainaren ohorez hasi zen norgehiagoka. Berangok eta Arenasek jokatu zuten zelai berriko lehen partida.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun