Andra Mari auzo elkarteak behin eta berriro azaldu du bere kezka 8.368 etxebizitza eraikitzeko Getxo aldeko 82 etxe eta baserri botako dituztenaren beldur. Atzo, hori ukatzeko, Javier Dean Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordeak eta Iñaki Urkiza arlo horretako zinegotziak proiekturen aurrerapenak "horrenbesteko xehetasunik ez" duela ematen aipatzeak ez dio "inolako lasaitasunik" ematen Arrueri, beste hainbat "akats" ikusten dituelako: "proiektua lardaskeria izan da hasieratik, orain egingo dutela esan arren, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanik ez dagoelako; horretaz gain, ez dator bat Lurzoruaren Legearekin eta; hori gutxi balitz, txosten ekonomikoa pezetatan eginda dago", azaldu du tokiko popularren buruak.
Hirigunea
Auzotarrek deitutako manifestazioan adierazi bezala, aldaketarik egin aurretik, 2001an onartutako Hirigintza-Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) zehaztutako hiriguneetan eraikitzea eskatu du Alderdi Popularrak. Arruek emandako datuen arabera, babes ofizialeko 700 etxebizitza egin daitezkeela zehazten du horrek, "baina Lurzoruaren Legera moldatuz gero 1.200 izango lirateke". Hori litzateke, popularren ustez, "etxebizitza politika serioa" egitea, "ez azken zortzi urtetan bezala babes ofizialeko 48 etxebizitza besterik ez banatzea".