Hitzez hitz, Itsasoruntz Sareak kaleratutako idatzia:
Herritarren harresia altxa dezagun. Herritarren olatua harro dezagun
Itsasoari mugak ipintzerik ez dagoen bezala, geroz eta beharrezkoagoa den gatazkaren konponbiderako prozesuari ezin zaio bidean harri koskorrik jarri. Hori dela eta, "Elkarrizketa. Errespetua Euskal Herriari. Bakea" lelopean, larunbat honetan Milakabilaka herri ekimenak larunbat honetarako, otsailak 3, Bilbon deitutako manifestazioan parte hartzera deitzen ditu Uribe Kosta eskualdeko lagunak eta, oro har, euskal herritar guztiak Itsasoruntz Sareak. Areatzako zubitik abiatuko da martxa, 17:00etan.
Prosezua hilda dagoela esanez, baten batzuk jendartearen esperantza zapuztu eta gatazkaren konponbidea oztopatzeko eraiki nahi duten "lotsaren harresia" bota dezagun behingoz, herritarren olatua harrotuz. Bada garaia, aurrez aurre jarri nahi diguten horma hori eraitsi eta, prozesua sostengatzeaz gain, itzuliezina egingo duen herritarrek zimendatutako babes hezia altxatzeko. Hori baita bide bakarra etorkizunari heltzeko, gurpilean makilak jartzen dituzten horiena ere baden etorkizuna.
Bidea luzea izango zela bagenekien, baita une latzak egongo zirela ere. Baina haurtxo guztiek aita-amen babesa behar duten bezala, izan gaitezen herritarrok prozesuaren bermatzaile. Eskubidea ez ezik, betebeharra ere badugu. Ibiliz ibili egin dezagun bidea, oztopoak alde batera utzita. Bada, prozesuaren aldeko milaka pausuz bete dezagun bihar Bilboko asfaltoa. Dagoeneko eta oraindik gehiagotan egin beharko dugun arren, aldarrika dezagun Euskal Herriari, herritar guztien eskubideei eta herritarren erabakiari errespetua.
Herritarren harresia altxa dezagun! Herritarren olatua harro dezagun!
Itsasoruntz Sarea
e-posta: itsasoruntz@hotmail.com