Joan den urteko bukaeran kaleratu zuen "Tiempos de insurgencia" (Matxinada garaiak) izenburuko liburua Antton Jauregizuria leioztarrak. Horren harira,
elkarrizketa egin diote "Argia" aldizkariko azkeneko alean. Jauregizuria 1950ean jaio zen Leioan eta Urtuellako Granada auzoan igaro zituen lehenengo urteak, gurasoengandik aparte. Leioan, Aketxe izan zuen auzoa, gurasoen ondoan. Hantxe ikasi zuen euskaraz, aitarekin. Hantxe ernatu zen bere kontzientzia. ETAko kidea zelarik hartu zuten preso baina ez zuen barruan askorik iraun. 1969an Basauriko kartzelatik ihes egin zuenetakoa izan zen. Gero, erbesteko urteak Parisen. Historia ikasketa zenbait Vincenneseko unibertsitateko giroan. Hurrena, itzulera. Zuzenbidea ikasten hasi zen Donostian, baina lanarekin ezin bateratu eta utzi egin behar izan zuen. Psikologia bukatu zuen duela hamabi bat urte eta psikologo lanean ari da gaur egun.