Kantuek goizetik gauera beteko dituzte kaleak Agate Deuna bezperan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ots. 3a, 14:32

Igande honetan, otsailak 4, Agate Deuna bezperan, ez dira gutxi izango Uribe Kosta eskualdean, baserritarrez jantzi eta makilak hartu, kalez kale kopla kantari ibiliko diren lagunak. Besteak beste, Agate Deunaren koru jaialdiaren 21. edizioa deitu du biharko Getxoko Udalak, 19:00etatik 21:00etara. Leioan eta Sopelan, berriz, goizez eta arratsaldez ibiliko dira tokian tokiko kantu lehiaketetan izena eman duten taldeak. Bestalde, Itzubaltzeta / Erromon, adimen urritasuna duten pertsonentzat Kongon dabilen Telema proiektua diruz laguntzeko kantari aterako da kalera Ziztu Bizian eskaut taldea. Argazkian, Agate Deunako ohiko irudi bat.

Agate Deuna Jaialdia ospatuko da igande honetan, otsailak 4, Getxo udalerrian. Ekitaldiak 21. edizioa ospatuko du aurten. Oraingo honetan, 34 taldek parte hartuko dute jaialdian. Eskola talde atzo goizean aritu baziren ere, helduen taldeek eta talde mistoek bihar abestuko dute, 19:00etatik 21:00etara. Taldeen emanaldiak bi gunetan izango dira: lehenengoa, Itzubaltzeta / Erromo eta Areeta eta, bigarrena, Algorta eta Getxo. Beraz, udalerri osoan gozatu ahal izango da tradiziozko kantuez. Bigarren guneko taldeak Algortako Telletxe plazan bilduko dira 20:00etan guztien arteko emanaldia eskaintzeko.

Leioa

Leioako Udalak deituta, goizez izango da Agate Deuna Kantuen XVIII. Lehiaketa. Antolatzaileek lau jarduketa-alde ezarri dituzte 16 urtera arteko zein 16 urtetik aurrerako taldeentzat, bakoitzak gehien komeni zaiona aukera dezan: Lamiako, Pinueta, herriko erdigunea eta San Bartolome / Basañez / Artatzagane, herrenez hurren. Beraz, Lamiako aukeratzen dutenek nagusien etxea, Txopoeta eta Langileriatik igaro beharko dira; Artatza-Pinuetan, berriz, kultur aretoa, Cervantes plaza eta Gaztelu tailerretik; herriko erdigunean, Ikea plaza, Udondo, San Joan auzoa, Euskal Etxeen plaza eta Jose Ramon Aketxetik; eta azkenik San Bartolome / Basañez / Artatzaganen, Artatza, Negurigane, baseliza eta Artatzagane plazatik. Leku horiez gain, beste batzuk aukeratu ahal izango dituzte lehiakideek. Bestalde, taldeak dirua biltzen ibiltzea ala ez ibiltzea "bakoitzaren ardura" izango dela diote udal arduradunek eta horretarako askatasuna izan go dute. Hori bai, abestiak euskaraz kantatu beharko dira eta janzkera kontuan hartuko da. Sariei dagokienez, oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten taldeek 60na euro jasoko dute. Lehenengo hiruek, berriz, 300, 210 eta 150 euro, hurrenez hurren.

Sopela

Sopelako Udalak antolatutako Agate Deuna lehiaketan taldeka parte hartu beharko da, gutxienez hamarnaka. Talde bakoitzak 180 euroko dieta jasoko du. Horretarako, taldea gutxienez 10 pertsonagaitik osaturik egon behar izango da, partaide guztiak sopeloztarrak direla. Taldeak janzkera propioa (usadioari jarraituz) eduki behar izango du, partaide guztiak berdin jantzita joan behar izango direla. Horretaz gain, Sopela eta Larrabasterrako sei leku zehatzetan abestu beharko dute ibilbidea udaletxean amaituz: Urgitxeta plazan (Larrabasterra) 13:00etan, udaletxeko plazan (Sopela) 14:00etan eta Larrabasterrako Irubide eta Sopelako Gurea, Sertutxa, Brendan´s Isle tabernen inguruan edozein ordutan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun