Otsailaren 10ean kalera irteteko deialdia
Goizeko 12etan, poliziaz inguratuta zegoen Arriaga antzokiko plazara ehunaka gazte hurbildu ziren bertan kontzentratzeko asmoz, baina ertzainburu batek “hamar segundo” eman zizkien bertatik alde egiteko. Kontzentrazioa Baltasar Garzonek eta Lakuako Herrizaingo Sailak debekatu zuten deialdiaren atzean Segi zegoelakoan. Batzarra egin ostean gazteak alde egin zuten eta Esperantza kaleko frontoira zuzendu ziren.
Kiroldegian zegoen pilota partida bertan behera utziz, mila bat pertsona sartu ziren frontoira eta Jarrai-Haika-Segi auziko 18 lagun agertu ziren “Ireki aukerak independentziari. Euskal gazteria aurrera!” lelopeko pankarta sostengatuz eta jendearen musuak, besarkadak eta aldeko leloak jasoz. Ibon Meñikak, auziperatuen bozeramailea, komunikatua (mp3) irakurri zuen eta gazteak datorren otsailaren 10ean kalera irteteko deitu zituen Euskal Herriaren eta euskal gazteriaren defentsan, kanpoaldean, Ertzaintzak gazteak zelan atxilotu deliberatzen zuen bitartean.
Garaitutako zentsura saiakera
Lekukoak erditik kendu nahian edo, ertzainek komunikabideen langileak kanporatu zituzten frontoitik erredaktore, kamera eta argazkilarien kexen artean, pentsatu gabe teknologia berrien zabalpenari esker bat-bateko hamaika kazetari sortu zirela atoan frontoian zegoen jendearen artean. Baina, ekimen horrek beste zentsu bat ere bazeukan Esperantza barruan zeudenen artean, balizko “sarraski” baten hitzaurrea izatearena. Dena dela, frontoi batzarra egin eta erresistentzia pasiboa erabiltzea deliberatu zuten kiroldegian bildutako auzotarrek.
Kanpoan, Ertzaintzaren Brigada Higikorrak inguruak ixten zituen bitartean, ehunaka ziren Esperantzara hurbiltzen zirenak, euskal gazteria eta Segiren aldeko eta Ertzaintza eta EAJren oihuen artean. Tartean, Agate Deunako kantak ere bertan izan ziren Euskaria abesbatzari esker.
Aiboa Casares astrabuduarra, Erandiora
Ertzainak banan-banan joan ziren sartzen frontoira eta lurrean jesarrita zeuden ehunaka pertsona artean igaro eta banaka hartu zituzten gazteak, hauek atera baino lehen azken agurrak emateko aprobetxatu zutela. Gehienek motxilarekin kanporatu ziren eta kanpoan hormaren kontra jarri zituzten ertzainek miatu eta furgonetan sartzeko. 14:20an, bukatuta zeuden atxiloketak eta Ertzaintza atzera jo zuen Esperantza kaleko frontoiko sarrera libre utziz. Baina, San Nikolas plazan izandako 200 bat pertsonek ertzainak jarraitu zituzten Esperantzarako bidean eta tentsio uneak bizi ziren. Azkenean, Jone Goirizelaia eta Arantza Zulueta abokatuek Ertzaintzarekin elkarrizketatu ostean, Batasuneko hainbat ordezkari ezagunek bi aldeak banatzeko lerroa osatu zuten, tartean Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Gurutz Aldasoro, Mikel Zubimendi, Joseba Permach, Mikel Luloaga, Ibon Arbulu edo Unai Fano bertan zeudela. Une horretan, frontoitik atera ziren ehunaka pertsona, ertzainek bideoz grabatzen zituzten bitartean.
Ondoren, Unamuno plazatik 800 bat lagunek abiatu ziren manifestazioan Zazpi Kaleetatik auziperatuek ordu bat lehenago sostengatutako pankartarekin eta Segiren aldeko leloak zabalduz. Martxa Unamunon amaitu zen, “Eusko Gudariak” abestuta.
Arratsaldean, Herrizaingo Sailak jakinarazi zuenez, Aiboa Casares eta beste neskak Erandio Goikoan dagoen Ertzaintzaren kuartelera eraman zituzten eta mutilak, berriz, Basauriko presondegira.