Arartekora heldu da hirukoa eta Getxoko PPren arteko gatazka

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ots. 6a, 21:33

Urriaren 27ko udalbatzarrean popularrek 2007ko aurrekontuei egindako zuzenketetatik erdiak baliogabetuak izan ostean, kexu eta babes eskubidea eskatzeko idatzia aurkeztu zuen atzo Arartekoaren Bilboko bulegoan Getxoko PPk. Horren harira, aipatu zuzenketak "egonkortasun irizpidearen" bat ez zetozela eta horrexegatik bota zituztela atzera argudiatu zuen Iñaki Zarraoa alkateak, ordu gutxira emandako prentsaurrekoan. “Iaz ere esan genien, baina alderdi horrek diru sarrera eta gastuen arteko oreka ez duten proposamenak egiten ditu eta hori erakundeetan ezin da onartu, ezta PPk gobernatzen dituenetan ere”, azaldu zuen udal agintariak. Are gehiago, "berriro ere, hedabideetan oihartzuna lortu nahi izatea" egotzi zien popularrei, "udalerrirako ideia eta argumentu onik ez daukatelako". Hain zuzen ere, Getxoko PPk ere hedabideak izan ditu ahotan, behin baino gehiagotan, udal hirukoarekin (EAJ, EA eta EB-Berdeak) daukaten gatazka azaltzerako orduan. Ez da berria Marisa Arrue popularren bozeramaileak zein Eduardo Andrade zinegotziak, tokiko gobernuaren proposamenen berri "prentsaren bidez" izaten dutela salatzea, "lan batzordeen bitartez izan beharrean".

"Proposamenak batzordeetan ez aurkezpea egozten digu beti EAJk. Baina udal gobernuak ere gauza bera egiten du. Gauza asko udalbatzarrera eramaten dituzte legez horrela egin behar dutelako. Eta batzordeekin gauza bera: legeak finkatu bezala, arlo batzuetan behin edo bitan baino ez dira egiten urtean", diote popularrek. "Askotan kazetariok zinegotziak baino gehiago dakizue udal gaiei buruz eta gu bide horretatik enteratzen gara, hau da, hedabideen bitartez. Horrela izanda, horiei buruzko informazioa eskatzen dugunean oztopoak baino ez dizkigute jartzen. Udal langileak erreguka ibili behar zaizkie agintariei eskatzea guztiz ohikoa den espediente bat eskuratu ahal izateko. Hain txarto pasatzen dute askotan, azkenean langileei eskatu ordez zuzenean politikariei eskatzea erabaki dugula", azaldu dute. Hain zuzen ere, "1992 eta 1993 urteetako garaia faltan" botatzen du Getxoko PPk, orduan "batzordetan lan egiten zelako eta guztiok Getxo hobetu zedin jarduten ginelako". "Ideologiak ez ziren oztopo guztiok elkarlanean aritzeko", euren hitzetan.

Txosten teknikoa

Atzera botatako zuzenketekin jarraituz, urriko udalbatzarrean bezala, PPek aurkeztutako zatikako 106 zuzenketetatik 49 "bideraezinak" zirela berretsi zuen atzo Zarraoak, "gehienetan diru sarrerak eta gastuak ez zituztelako orekatzen". Horretarako, orduko txosten teknikoari men egin zion berriro. “Esate baterako, ezin da aurreikusi erakunde autonomo bati dirulaguntza txikiagoa ematea, beste atal batzuetan gastua murriztea proposatzen ez bada”, jarri zuen adibidetzat alkateak.
Diru bilketan hobekuntzak eginez, diru sarrerak handitzea ere proposatu zuten popularrek “eta hori txosten teknikoak ezinezkotzat jo zuen, aurrekontuetan kobratzea aurreikusten diren tasa eta diru sarrera guztien %100a kontuan harturik egiten baita”, gehitu zuen udal agintariak. Zarraoak ez du ulertzen "zergatik PPk segitzen duen gauzak txarto egiten eta legea ez betetzen". Bere ustez, “eurek gobernatzen dituzten udalerrietan inoiz onartuko ez lituzketen gauzak egin nahi dituzte hemen”. Getxoko Udala zuzenketa guztiak argitzen dituen aipatuta udal Ikuskatzailearen txostena Arartekoari aurkezteko zain dago.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun