Epaia gora behera etxeak errekaren ertzetik 5 metrora egiteko asmoa du Getxoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak aurkeztuko duen xehetasun-azterlan berria jasotzeko zain dago orain. ”Azterlan berriak etxeak errekatik 10 metrora egitea jasoz gero, Udalak onar lezake proposamen berria. Halere, epaileak eskatutakoa beteko dugun ala ez erabaki behar dugu. Zentzuzkoena, inguruan errekaren ganeko azterlana egitea eta lur azpian dagoen erreka zatia agerian uztea bideragarria den eta egitea interesatzen zaigun aztertzea litzateke. Etxeak 5 metrora egiteko Hirigintza-Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aldatzea interesatzen zaigun ikusi beharko dugu ere", aipatu zuen EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia ezagutzerakoan Zarraoak. Udal agintariak uste du horrela gertatuko dela “etxeak dauden gune batean etxeak errekatik 5 metrora egitea planteatzen bada, bazterretan daudenak ordenaziotik kanpo geratzen dira; hartara, Plan Sektorialak berak aurreikusten du, oro har tarteak 10 metrokoak badira ere, tarte txikagoak uztea”. Eusko Jaurlaritzaren azken egitasmoak 10 metroko tarte hori jasotzen du eta bertan babes ofizialeko 60 etxebizitza inguru egitea proposatzen du.
Irakurketa ezberdinak
“Egia da epaiak HAPO aldatzea eta errekaren eta lurpean dagoen honen zatia agerian uzteko beharraren ganeko azterlana egitea eskatzen digula, baina ez du zehazten ordea, errekaren bidea aldatu edo irekitzea beharrezkoa denik; gainera, inguruan etxeak daudenez, Plan Orokorra aldatuta, etxe berriak errekatik 10 metro baino gutxiagora egitea pentsatu ahal da”, Zarraoak horrela uste du behintzat. Oposizioko alderdiek egiten duten irakurketa guztiz bestelakoa da. Dagoeneko Getxoko PPk pausuak ematen hasi da epaiak Santa Eugenian etxebizitzak egiteko egitasmoan izango dituen eraginei buruz Madrazori galdetuz. PSE-EEk ere ekinbideak iragarri ditu Eusko Legebiltzarrean. Horretaz gain, udal hauteskundeetarako programaren barruan, dagoeneko eginda dauden etxebizitzetatik ibaiaren ibilgua aldentzea proposatuko du alderdi sozialistak: "Etxe askok 50 zentimetrotara daukate erreka", konstituzionalisten hitzetan. Horretaz gain, lur azpian dagoen erreka zatia agerian uztea bideragarria den ala ez jakiteko, Ur Zuzendaritzari ingurumenaren gaineko azterketa egitea eskatuko diote hauteskundeei begira.