Gaur kaleratu duen
prentsa oharraren bitartez, "Galdaretxeko lanak badaezpada gelditzea eragozteko Udala egiten ari den jokoa" salatu du
Getxo Biziak. Proiektu horren aurka ezarritako deuseztasun akzioa tramitera ez onartzea erabaki zuen tokiko Gobernu Batzordeak
urtarrilaren 30ean eginiko bileran. Ezker abertzaleko herri plataformak joan den urteko abuztuaren 4ean erregistratu zuen akzio hori, eta "legeak ezarritako hiru hilabeteetako ixiltasun administratiboa gauzatuta", administrazioarekiko helegitea aurkeztu zuen, azaroan, Bilboko epaitegian. "Udalaren erantzuna sei hilabetez atzeratu eta gaia epaitegian dagoela gauzatu izana, denbora irabazi eta epaileen aurrean buruturiko ekintzen politika egiteko joko luzagarritzat ulertu behar da. Horrela, bitartean aurrera darraiten lanak badaezpada gelditzea eragotzi nahiko litzateke. Bestalde, auziaren mamian sartu gabe, Udalak ez du tramitera onartu ere egin Getxo Biziaren eskaria. Horrela Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren azterketa sahiestu nahi du. Izan ere eskaria tramitera onartzekotan, erakunde horrek txostena egin beharko luke lanen legaltasunari buruz. Eta horrek agerian utziko luke Udalak auzi honetan orain arte izan duen jokaera", adierazi du Getxo Biziak. Argazkian, Josu Amezaga herri plataformako ordezkaria.