EAEko Auzitegi Nagusiak 2003an emandako epaia aintzat hartuz, lankidetza hitzarmenen bidez laguntzen jarraituko du Udalbide Getxoko Udalak. Iñaki Zarraoa alkateak gaur jakitera eman duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak ez du onartu tokiko erakundeak sententzia horren aurka aurkeztutako errekurtsoa, hain zuzen ere orduan EAEko Auzitegi Nagusiak 2000an Udalbiltzari ohiko aurrekontutik finantziazio-kuota bat ordaintzeko hartutako akordioa baliogabetu zuelako, Estatuaren abokatuaren eskaera kontuan harturik. “Ordutik hona, helburu zehatzetarako hitzarmenen bitartez bideratzen dira dirulaguntzak, auzitegiaren arauei jarraituz, eta horregatik ez da arazorik izan”, adierazi du udal agintariak. Halaber, “epaiak ez du eraginik emandako 5 milioi pezetako dirulaguntzan, eman egin zenez orain ezin delako berreskuratu", alkate getxoztarrak esan duenez. Argazkian, Iñaki Zarraoa alkatea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!