Imanol Landa Euskara zinegotziak aipatutakoaren arabera, “UK aldizkariak herriko eta eskualdeko euskararen erabileraren sustapenean duen eragina ona da eta Getxoko Udalak onartutako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiarekin duen osagarritasuna dira aintzat hartu ditugun bi arrazoiak hitzarmena berritzerakoan. Halaber, hizkuntza-normalizazioari begira komunikabideek lehentasuna dute”. Iñaki Zarraoa alkateak ere "ontzat" jotzen du UK aldizkariaren bilakaera eta, "lortzeko zaila" izango dela onartzen duen arren, hiru erronka finkatu behar direla uste du: "irakurle kopurura handitu, iragarki gehiago jaso eta aldizkaria ordaintzekoa izatea". Hitzarmenaren arabera, Boluntzarretak UKren ale guztietan Getxo udalerriaren gaineko lau orrialdeko informazioa argitaratuko ditu, Udal Euskara Zerbitzuak sustatutako ekimen guztien berri emango du eta, gutxienez, 2.500 aletako tirada ziurtatuko du udalerri getxoztarrean, beste konpromiso batzuren artean. Udalak, bere aldetik, aipatu diru kopurua emango dio eta udal web gunean tartetxoa eskainiko dio.
Aldizkariaren ganeko zenbait datu
Jokin Aspuru UK aldizkariko zuzendariaren hitzetan, aldizkariaren helburua "Getxo eta Uribe Kostako euskaldun guztientzako erreferentziazko komunikabidea" izatea da. Hartara, "eskaintza integrala" aurkezten ahalegintzen dira, "eskualdeko informazio oso hurbila jorratuz, herrietako eguneroko bizitza eta pertsonaiak isladatuz, baita Euskal Herriko edukiei lekua eginez ere". Hamabostekariaren arduradunen ustez 15.000 eta 20.000 bitartekoa da UKren irakurleen kopurua: "Eusko Jaurlaritzak egin berri duen ikerketaren arabera, irakurle bakoitzak gutxienez ordu erdi ematen duela UK irakurtzen, denbora oso handia", Boluntzarretakoen iritziz.
Aldizkariaz gain, elkarteak “UK Agenda” berripaper elektroniko txikia abiatu du aldizkariaren irakurleei Uribe Kostan euskaraz antolatzen diren kultur ekitaldien berri emateko. Boluntzarretak, ganera, "kultur eragile bizia" izan nahi du eta beste ekimen batzuk ere antolatzen ditu. “Inguruko DJekin eta kantari batekin bi disko argitaratu ditugu, argazki erakusketak ekoitzi eta banatu ditugu, ardoa dastatzen ikasteko ikastaro eta hitzaldiak antolatu ditugu, eta jateko ohitura osasuntsuak hedatzeko eta euskara etxeetako sukaldetan sartzeko barazkien ganeko posterra kaleratu berri dugu”, azaldu du Aspuruk.