Datorren otsailaren 14an San Balentin eguna izanik, amodiozko gutunen lehiaketa antolatu du Berangoko kultur etxeak, “Maite, maitea...” izenekoa. Gai nagusia maitasuna zein maitasun eza izango da, udal iturriek adierazi dutenez. Eskutitzak pertsona jakin bati zuzenduak izan daitezke, nahi izanez gero, eta euskaraz edo gaztelaniaz idatzi daitezke. Bi orrialde izan beharko dute gutxienez eta 18 urtetik gorakoek soilik izango dute lehiaketan esku hartzeko aukera. Eskutitzak otsailaren 12a baino lehen eraman behar dira udalerriko kultur aretoetara. Sari banaketa otsailaren 14an egingo da, 19:30tatik aurrera Berangoetako kultur etxean. Bestalde, 10 eta 18 urte arteko gazteentzako “Collage a trois” lehiaketa antolatu dute. Maitasun zein maitasun ezaren gaineko irudiak, collages edota kartelak aurkeztu daitezke, DIN A3 tamainan, eta hiru laguneko lantaldeek eginikoak. Aurrekoan bezala, lanak kultur etxeetara eraman behar dira otsailaren 12a baino lehen. Irabazleen izenak otsailaren 14ko ekitaldian emango dira ezagutzera.