Antzerki eskaintzari dagokionez, Luna Llena taldeak "Tejas verdes" lana aurkeztuko du. Istorio hau Txilen girotuta dago, Pinocheten garaian, eta, zenbait lekukoren adierazpenen bidez, egoera berdinaren ikuspuntu ezberdinak erakusten ditu. Antzezlan hau Besarkadaren (Emakumeen Antzerki Taldeen Federazioa) Emakumeak Eszenan zikloaren barruan dago. Ekimen horrek emakumearekin uztarturiko zenbait gai eta arazotan sakontzen du.
Larunbatean estreinaldia
Simulacro antzerki talde getxoztarrak bere azken lana estreinatuko du: "Graffiti de amor politico-social". Lan honek ikuslea pentsamendu politiko bakarreko ingurura eramango du, elkar ezagutzen ez duten gizon eta emakume bat graffitien bidez maitemindu egingo diren tokira, kultur iturriek azaldu dutenez. Bikote hori gai izango al da elkar maitatzen jarraitzeko aldaketa datorrenean eta pentsamendu anitza iristen denean? Honako hau zalantzan jartzen du lanak, hain zuzen ere. Testuak errealismo magikoa eta sinbolismoa, gorputz adierazpena eta eszenografia konbinatzen ditu. Azken horren ardatza etengabe horman dagoen graffitia da, modu horretan jendearen interakzioa bilatzeko.