Erandioko Udalak ere salatu du Jon Bilbao Mororen egoera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ots. 9a, 18:17

Gaztesareak zabaldu bezala, Erandioko Udalak zein aipatu udalerriko eta Leioako hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalek Jon Bilbao Moro Astrabuduako preso politikoaren egoera salatu eta espetxe politikaren eraldaketa bultzatzeko agiria sinatu dute. Kartzelan sartu zutenetik 25 urte bete ziren urtarrilaren 15ean. Hain zuzen ere, Mikel Arieta-Araunabeña alkate jelkidea ere parte hartu zuen aste horretan, larunbatean, Bilbaoren askatasuna exijitzeko manifestazioan. Tokiko erakundeaz gain, Uribe Kostako ELA, Leioako Kaskarreko musika taldea, Erandioko Berbots euskara taldea, Erandioko Merkatari Elkartea, Uribe Kostako LAB, Axpuru kultur taldea, Leioako Maritxu Teilagorri txosna batzordea eta Udondo gaztetxeak ere izenpetu dute agiria. Horrenbestez, igande honetan, otsailak 11, egingo diote omenaldia preso astrabuduarrari, 13:00etan, Erandioko metro geltokiko plazan. Gaur, berriz, manifestazioa izango da Sondikan, 19:45ean, gudarien txokotik, Bilbaoren askatasunaren alde eta espetxe politika salatzeko. Argazkian, abenduaren 31ko ekimen ibiltariaren hasierako ekitaldian, Jon Bilbao Moro presoaren argazkia, atzean gose grebalariak daudela.

Erandio eta Leioako eragileen oharra:

Dokumentu hau sinatzen dugun eragile politiko, sozial eta sindikalek, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eta bereziki gure auzokidea den Jon Bilbao Mororen egoerak kezkatuta honakoa adierazi nahi dugu.

Egun, euskal presoen kolektiboa osotzen duten 611 gizon emakumezkoek oinarrizko eskubideak ukatuak dituzte:

- Errespetuzko tratamendu duin bat ukatzen zaie, tratu txarrak, torturak, jipoiak eta isolamendu ezgizatiarrak mantentzen diren neurrian.
- Osasunerako arreta duinik ez daukate. Konfidantzazko sendagileen aistentzia ukatu egiten zaie eta preso gaixo larriak ez dituzte kaleratzen
- Lagun eta senitartekoekin komunikazioak oso murritzak izateaz gain, sarritan interbenituak izaten dira.
- Euskaraz komunikatzeko oztopoak jartzen dituzte, baita ere oraindik gaztelania ezagutzen ez duten seme-alabekin.
- Ikasteko makina bat oztopo jasatzen dituzte, euskaraz ikasteko eskubidea ukatu egiten zaielarik.
- Ezin dute amatasun zein aitatasuna baldintza duinetan burutu.
- Zigorraren hiru laurdenak edo bi herenak (kode penalaren arabera) beteta dituzten presoei ez diete baldintzapeko askatasuna ezartzen. Aldi berean erredentzio eta onura penitentziarioak aplikatzeko orduan diskriminatuak izaten dira.

Eskubide bortxaketa guzti hauek preso politikoei ezartzen dieten sakabanaketa politikaren markoan kokatzen dira. Gaur egun Euskal Herriko espetxetan zigorra betetzen duten presoen kopurua ehuneko bia baino eskasagoa da. Sakabanaketak oinarrizko printzipio penitentziarioen aurka jotzen du, zigorra senitartekoei helarazten delarik. Hauentzako bere sendiarekin minutu labur batzu egoteak sekulako ahalegina suposatzen du, bai denbora, diru eta bidai luzeak direla medio.

Orohar, indarrean dagoen kartzela politika ez dator bat bai Estatu espainolak bai Estatu frantziarrak sinaturiko nazioarteko hitzarmenekin, ezta hainbat Erakunde zein Instituziok hartutako erabaki zein gomendioekin

Preso dauden pertsonek, guztiek, askatasun ezarekin eta beronen ondorioz, babesgabeko egoera berezi bat pairatzen dute. Horregatik, hain zuzen ere, estatu demokratiko batean beraien eskubideak burutzeko inork baino berme gehiago edukiko beharko lukete. Presoen egoera sistema politiko eta gizarte baten baloreak aztertzeko test bat da, mila adierazpen baino gehiago balio duen termometroa. Eta gaur egun, zoritxarrez, termometro hori zero azpitik aurkitzen da, exterminiozko politikak ezartzen baitira.

Zentzu honetan, oso balorapen politikoa zehatza egin dezakegu: Espainia zein Frantziako gobernuak mendeku eta extorsio objektu gisa erabiltzen dituzte preso dauden pertsonak, estatu demokratiko batean onartezinak diren erregimen penitentziarioak aplikatuz, eta errehen eta trukerako txanpon gisa erabiliz.

Salaketa guzti hauek egiten ditugu, preso dauden pertsonek eskubideak bait dauzkate prozesu politikoen osasuna edozein izanda ere. Zentzu honetan, giza eskubideen betetzea ezin da elkartu gertagarri diren prozesu politikoen martxarekin. Preso dauden pertsonak ezin dira izan trukerako txanponak gertagarri diren negoziazio politikoetan eta beraien eskubideak ezin dira tantakontagailu baten moduan ezarri estatuari interesatzen zaion norabidean lerro erazteko. Zentzu honetan, eskubideen kunplimendua egiztapen etiko zein demokratikorako oinarrizko erizpide bilakatzen da.

Horregaitik, gaurkoan hemen sinatzen dugunok Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren eskubideen defentsan sinatzearekin batera, gure auzokidea den Jon Bilbao Mororen egoera salatzen dugu.

Jon, 1982ko urtarrilean guardia zibilak atxilotu eta 9 egunez inkomunikatuta egon ondoren, torturak salatu eta 30 urtetako espetxeratzera kondenatua izan zen.

25 urte espetxean emanik, 3/4ak aspaldi bete zituelarik bere berehalako kaleratzea eskatzen dugu, urte luze hauetan bizitako eskubide urraketak salatzearekin batera:

- 25 urte hauetan, Carabanchel (Madril), Puerto de Santamaria (Cádiz), Alcalá Meco (Madril), Herrera de la Mancha (Ciudad Real), Sevilla, Palma de Mallorca, Jerez de la Frontera (Cádiz), Algeciraseko eta Foncaleteko (Alicante) espetxeetatik dispertsatua izan da. 18 hilabetez soilik Langraitzeko espetxean egonik. Egun, Foncaleteko espetxean aurkitzen da bere herritik 850 kilometrora. Dispertsio politikoarekin bukatzea eta Euskal presoen kolektiboko gizon-emakumezkoen Euskal Herriratzea eskatzen dugu.
- Kondenaren gehiengoa, 1go graduan eta isolamendu moduluan, giza eskubide guztiak bortxatuta, eman du.
- Preso dauden pertsonen oinarrizko eskubideen bortxaketa etetea, eta baita bortxaketa horrek senitartekoengan eragiten dituen ondorioak ere. Euskal Preso Politikoen Kolektiboa instrumentalizatu eta euskal politikaren bilakaera demokratikoa baldintzatu nahi duten salbuespenean oinarrituriko politikak desagertu behar dira.
- Egoera normalizatu batean 2002 urtean kondena osoa beteta lukeen arren (erredentzio arruntak aintzat hartuz), espetxean mantentzearen salaketa eta bere berehalako kaleratzea exijitzen dugu.
- Estatuen legalitatean agertzen diren espetxe onurak, erredentzioak eta baldintzapeko askatasunaren bapateko ezarpena eskatzen dugu.
- Finean, eskubideen ukazioarekin modu negatiboan onartzen den presoen izaera politikoa eskatzen da eskatzen duguna.

Goian aipatutako eskubideen defentsan antolatzen diren ekimen desberdinei atxikimendua ematearekin batera, Erandiotar guztiak gonbidatzen ditugu otsailaren 11an Jon Bilbao Mororen alde burutuko den ekitaldian parte hartu dezaten.

Erandioko Udala, Uribe Kostako ELA, Leioako Kaskarreko musika taldea, Erandioko Berbots euskara taldea, Erandioko Merkatari Elkartea, Uribe Kostako LAB, Axpuru kultur taldea, Leioako Maritxu Teilagorri txosna batzordea, Udondo gaztetxea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun