Gaztesareak jakinarazi duenez, mundu osoko 50 gazte eragileren babesa jaso du gaur Segik. Horrekin batera, "Ireki aukerak independentziari, euskal gazteria aurrera!" manifestuarekin bat egin eta bihar 17:30ean Donostiako Boulebardean deituta dagoen
manifestaziora joateko deia egin dute. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ere bat egin du gazte mugimenduaren deialdiarekin, eta
Ikasle Abertzaleek ere parte hartzeko deia luzatu dute. Bitartean, Espainiako Auzitegi Nazionalak Eusko Jaurlaritzako
Herrizaingo Sailari jakinarazi dio manifestazioa debekatu duela. "Deialdia egin duten pertsonek Batasunarekin eta Segirekin zerikusia dutela iritzita hartu dute erabaki hori. Herrizaingo Sailak Auzitegi Nazionalaren debekuaren berri eman dio manifestazioa deitu duen pertsonari", azaldu dute prentsa ohar bidez Lakuatik. Hori ezagututa, mobilizazioa deitu zutenek "eskandalagarritzat" jo dute debekua,
Garari egindako adierazpenetan. Argazkian, Segiri babesa eman dioten munduko gazte erakundeen agerraldia / Gaztesarea.