Udalbideri dirua ematen jarraituz "legeei iruzur" egitea egotzi dio Udalari Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ots. 9a, 21:07

"Udal gobernuak epai judizialak bete ditzala eta lehen Udalbiltza zen Udalbide elkarte nazionalistari dirua ematen utz diezaiola" eskatzeko proposamena aurkeztuko du hurrengo udalbatzarrean (otsailak 23) Getxoko PPk. Prentsa ohar bidez, Marisa Arrue popularren bozeramaileak gogoratutakoaren arabera, "PPk salaketa egin ostean, horrelako dirulaguntzak galarazten dituen sententzia kaleratu zuen 2000n Espainiako Auzitegi Gorenak". "Epaia konplitu beharrean, Getxo udalerriari zein auzotarrei onurarik ekartzen ez dion elkarteari dirua emateko bide berriak bilatzen dabil EAJ. Justizia toreatzen ari dira berriro", salatu du Arruek. Bere hitzetan, "EAJk horrenbeste gogoko duen alegiazko Euskal Herriaren nazionalismoa gorestea" beste helbururik ez dauka Udalbidek. Ildo horretan, "legeei iruzur" egitea egotzi die udal agintariei Getxoko PPko buruan, "oraindik ere 30.000 euroko laguntza ematen jarraitzen dutelako". Iñaki Zarraoa alkateak asteazkenean berretsi zuen Udalbideri laguntzen jarraitzeko asmoa. Argazkian, Marisa Arrue popularra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun