Uribe Kostatik Donostiako manifestaziora zihoazen autobusak geldiarazi ditu Ertzaintzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ots. 10a, 18:00

Sopela, Algorta eta Itzubaltzeta / Erromon bete ostean, Leioako Rojo y Negro taberna parean gelditu dute, 15:30ak aldera, Ertzaintzaren Brigada Higikorreko furgonetan zihoazen istiluen kontrako materialaz ondo hornitutako polizia agenteek, Uribe Kosta eskualdetik, arratsalderako deituta dagoen Segiren aldeko manifestaziora heldu behar ziren autobusetako bat. Bigarren bat ez da ezta irten ere egin. Donostiara zihoazen "autobus konkretu batzuk" gelditzeko Espainiako Auzitegi Nazionaleko agindua zeukatela adierazi dute ertzainek. Branka herriko taberna ere izendatuta zegoen aipatu agirian, autobusean zihoazenek UKBERRI.NETi jakinarazi diotenez: "Zirkulazio eskubideari inolako oztoporik ez diotela jarriko esan digute, baina autobusa ezin zuela inola ere aurrera egin. Autobusetik ez jaistekotan, berriz, hainbat orduz zaintzeko arazorik ez zutela aipatu digute", azaldu dute gazteek. Azkenean, buelta eman eta bakoitza bere herrian utzi du autobusak. Argazkian, gazteetako bat Ertzaintzaren furgonetari argazkia ateratzen.

Autobusak abiatu baino lehen ere bazebiltzan Ertzaintzaren bina furgoneta Leioan eta Itzubaltzetan. Gainera, Segiren aldeko manifestaziora zihoazenez gain, gutxienez inolako loturarik ez zeukaten beste autobus bi gelditu dituzte polizia agenteek. Autobus pribatu guztiak kontrolatzen ibili dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun