Horren aurrean, besteak beste, Alderdi Popularrak erasoa salatu eta EAJko kideei bere elkartasuna adierazi zien. Marisa Arrue Getxoko zinegotziak bere poztasuna agertu zuen kalte txikiak izateagatik eta ETAren aurkako alderdi demokratiko guztien batasuna eskatu zuen.
Aldarrikapen mezua:
Ohar honen bidez gure gain hartzen dugu larunbat gauean PNVk Getxoko Andra Mari auzoan duen batzokiaren aurka egindako sabotaje ekintza.
Ekintzaren nondik norakoak ulertzeko, ezinbestean egungo egoera politikoan kokatu behar gara. Euskal herritarron eskubideen zanpaketa etengabeak azken asteotan adibide garbiak izan ditu, euskal gazteriaren aurkako adierazpenek agerian utzi duten bezala. Jada ohituak gaituen eskema da horren erantzule: Madrilek agindu eta Lakuak bete.
Hamaika izan dira egunotan euskal gazteriak jasan behar izan dituen erasoak; Espainiako agindu arrotzek gazteria antolatua eta borrokalaria "terrorista" izendatu ostean, PNVk ez du aukerarik galdu bere zipaiokeria behin eta berriz agerian uzteko. Horren adibide garbia dira iragan otsailaren 4an Bilbon gertaturikoa, edota larunbatean Donostian jazotakoa. Ezin dugu, ordea, aipatu gabe utzi hainbat eta hainbat herritan PNVren txakurrek euskal gazteen aurka daramaten ildo errepresiboa: jazarpenak, mehatxuak, debekuak, muntaia polizialak, atxiloketak...
Alabaina, eraso guzti hauek zentzu bakar eta berberean kokatzen dira, hain zuzen ere PNVk, PSOEren eskutik, herri honi zor zaizkion eskubideen aitorpen eza erakustean. Aipatu erasoak ulergaitzak lirateke gatazkaren erroetara jo ezean. Funtsean, autodeterminazioa eta lurraldetasuna baitira gako politiko horiek, PNVk inolaz ere onartzen ez dituenak, Euskal Herria konponbidera baino gatazka luzeari atxikituz.
Egoera honen aurrean, herriak erantzuteko zilegitasun osoa dauka. Argi eta garbi esanda, PNVren jokabide bortitzari behar besteko erantzuna eman behar zaio. PNVk badaki gatazka honi irtenbidea emango liokeen jarrera zein den, beraz bere erantzukizuna da bide horiek hartu ezean etor lekizkiokeen ondorioei aurre egitea.
Bitartean, gure konpromiso sendoa berresten dugu borrokan jarraitzeko, harik eta eraso guztiek amaiera ikusten duten arte, hots, Euskal Herriari zor zaizkion eskubideak bermatuak diren arte.
PNV, Euskal Herriari xantaiarik ez!
Marko demokratikoa orain!