Langile Abertzaleen Batzordeek (LAB) gaur salatu dute Erandioko
Inversora Inmobiliaria Asua, S.L. (Inbisa) enpresak langile bat kaleratu duela "haurdun egoteagatik". "Emakume hau lanean zegoen enpresan 2006ko uztailetik, eta urritik aurrera idazkari lanetan hasi zen; horretarako trebakuntza berezia jaso zuen azaroan", LABeko iturriek azaldu dutenez. 2006ko abenduaren 27an langileak enpresari jakinarazi zion haurdun zegoela, "eta hau ez zen izan enpresaren gustokoa". "Jakinarazi zioten enpresako lana ez zela bateragarria amatasunaren ondorioz ematen diren egoerekin, lanaldiaren murrizketa adibidez, eta urtarrilaren 12an zuzendaritzak langilea kaleratu zuen", adierazi du sindikatu abertzaleak. Hori guztia dela eta, LABek "ozenki" salatu ditu horrelako "iraizpen diskriminatzaileak", baita mobilizazioak deitu ere. Lehenengoa bihar bertan izango da, goizeko 9:30ean, Invisa enpresa aurrean (Bilbo-Plentzia errepidea, 31). Izan ere, bihar bertan burutuko da kaleratzearen inguruko adiskidetzea Eusko Jaurlaritzan, eta enpresaren zuzendaritzak argi adierazi dio sindikatuari langilea ez dutela nahi. Argazkian, Inbisa 2006ko Madrilgo Higiezinen Azokan.