"Alas" du izena Celsius32 taldearen lehenengo diskak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ots. 13a, 20:10

Baga-Biga Musika Ideiak diskoetxe bizkaitarrak datozen hilabetetan kaleratuko dituen lanak ezagutarazi ditu gaur. Horrela, Uribe Kosta eskualdean finkaturiko Celsius32 talde berriaren diskoa da aurki aterako duen lehena. Gazteleraz abesten dute eta Sober talde madrildarraren ukitu garbia daukate. Boskotearen lehenengo lanak "Alas" izenburua dauka. Esan daiteke HiruBeltz taldearen oinordekoa dela Celsius32: aldaketa eta proiektu berriak gora eta behera, 2004ko amaieran sortutako talde berrian jotzen dute, aurretik sei urte elkarrekin egindako David (ahotsa eta gitarra), Pino (bateria) eta Txonan (baxua); Mario (gitarra) eta Samuelekin (teklatua) batera. Argazkian, Celsius32ren zuzenekoa.

Bestalde, OST talde bermeotar beteranoak ere disko berria argitaratuko du. 1990ko hamarkadan haien bidea egin ondoren, taldea geldirik egon da zenbait urtetan, eta orain bueltan dator bere hirugarren diskoarekin. Metal doinuak jorratzen ditu Bermeoko laukoteak. Neü taldea, berriz, Zarauztik dator. Urte asko daramatza maketa lehiaketa eta gaztetxeetan beraien musika eskaintzen, eta orain lehenengo diskoa kaleratzeko aukera heldu zaie. Rocka eta metala uztartzen dituzte. Azkenik, Trikizio erromeri talde ezagunak bere lehendabiziko diskoa kaleratuko du udaberrian. Kataluina eta Euskal Herria uztartuko ditu, bi herrialdeetako abestien bertsioak eginez. Diskoak kolaborazio ezagun mordoa izango ditu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun