Otsailaren 12an sinatu zituzten Juan Ignacio Perez Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak eta Julian Sanchez Bizkaiko Teknologi Parkeko lehendakariak, EHUk Leioan dituen lurretan eraikiko den Zientzia Parkearen diseinu eta planifikazioan parte hartzeko lankidetza hitzarmenak: bata oinarrizkoa eta bestea zehatza. "Hitzarmen bi horiek lanbide-prestakuntza handiko enplegua sortzeko jarduera ekonomiko eta sozial berriak sortu eta garatzeko estrategia sustatzea dute helburu", adierazi dute unibertsitateko iturriek. EHUko Gobernu Kontseiluak, 2005eko abenduaren 22an onartu zuen campusak garatzeko 2005/2010 plana: Bizkaian, zientzia parke bat sortzea zehazten da, "jakintza gizarteari helarazteko eta gizartearen garapen ekonomikoan parte hartzeko". Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak babestuta dago aipatu egitasmoa. Argazkian, Sanchez eta Perez hitzarmenak sinatzen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!