Dagoeneko jakingo duzunez,
Korrika 15ek euskal emakumea omenduko du, euskal emakumeak gure hizkuntzaren transmisioan izan duen garrantzia eta ezinbesteko papera goraipatu nahi dituelako. Beraz, urtetako menderakuntza, jazartze eta zigorrei aurre egiteko eta euskal kultura eta euskara, belaunaldiz belaunaldi, gorde eta transmititzeko, euskal emakumeek izan duten indarra, adorea eta balioa omendu nahi ditu Korrika 15ek. Hori dela eta, honekin batera doakizun
manifestua idatzi du, euskal emakumeek omenaldi honi euren atxikimendua adierazteko aukera izan dezaten. Izan ere, Korrika 15ek milaka sinadura jaso nahi ditu, garai ezberdin eta zailetan gure hizkuntza etxean gorde, atxiki eta ahoz aho iraunarazi duten emakume ezagun zein ezezagunen lana aitortzeko eta etorkizunean haien lanari eusteko konpromisoa hartzen dugula adierazteko. Argazkian, Korrikaren 14. edizioak Bizkaiko Zubia igaro zueneko irudi bat.