Miren Dobaran Berangoko alkateak, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak eta Eusebio Melero Herri Lan eta Garraio diputatuak otsailaren 16an zabaldu zuten Sopela eta Berango lotzen dituen errepide berria. Dobaranek azaldutakoaren arabera, “proiektua gaur egun kudeatu gabe dagoen zonalde honetako kale bat egitearen aurrerapena da. Etorkizunean kale hau herriko kale-izendegira batuko da”. Udalak kale horren egokitzapena aurreratzea erabaki du “Berango eta Sopela arteko bide-komunikazioa hobetzeko, bi herrietako biztanleei barruko komunikazio aukera bat eskainiz". Orain, herritarrak ez dira Uribe Kostako korridoretik nahitaez pasatu beharko”, adierazi zuen udal agintariak. Dobaranek esan zuenez, “bi herriak lotzen dituen bide honen zabaltzea oso ona iruditzen zaigu, honekin komunikazio zirkuitu ezin hobea lortuko dugu bi herrien artean, herritarrentzat oso erosoa izango dena eta Berangoko industrialdeari aukera berriak eskainiko dizkiona”.
Ezaugarriak
Errepide berriak 400 metroko luzeera du eta Berangoko Arabeta auzoa eta Uribe Kostako korridoreko sarbidea, Urko zonaldean (Sopela), lotzen ditu. Lanek 1.300.000 euroko gastua ekarri dute. Horiek ordaintzeko, 200.000 euro jarri ditu Aldundiak eta gainontzekoa Berangoko Udalark. “Berangoko eta Sopelako biztanleen onurarako inbertsio ona dela uste dugu”, amaitu zuen Dobaranek.