Lankidetza akordioa sinatu du Berangoko Udalak Vicente Ferrer Fundazioarekin. Hiru urteko lankidetza bermatzen du hitzarmenak, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeari laguntzeko. Udalak 12.000 euroko laguntza bideratuko du urtero, hainbat kooperazio egitasmotan erabiltzeko. Halanola Anantanpur (India) inguruetan, munduan bazterkeria handiena jasaten duen dalits kastari laguntzeko. Bi erakundeek aurrez eginiko lankidetzari esker, dagoeneko emakume ezinduentzako bost egoitza eraiki dira bertan. Anantapurreko emakumeei bekak eskaintzeko ere laguntza eman du tokiko erakundeak. Garapenerako akordioarekin "asebeteta" agertu da Miren Dobaran alkatea. “Beharra dutenekin konprometitutako Udala gara, gure aurrekontuaren %0,7 bideratzen baitugu lankidetza egitasmoetara. Vicente Ferrer Fundazioarekin elkarlanean aritzeak dalits kastako emakumeei laguntzea ahalbidetzen digu”, esan du. Argazkian, Anantapurreko bi emakume / Vicente Ferrer Fundazioa.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!