Uribe Kostako ehunaka ume ez direla euskaldunduko salatu eta mobilizazioak deitu dituzte dozena bat elkartek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ots. 20a, 23:00

Oraindik orain, Erandio, Leioa, Getxo, Berango eta Sopelako haur hezkuntzako 1. zikloan dauden 812 ume ez direla euskaldunduko salatu zuten larunbatean Uribe Kostako euskalgintza eta irakaskuntzako dozena bat taldek. Bizarra Lepoan, Berbots, Berbalamiñe, AEK, LAB, EHE, IA, ALBE, EHBE, Betiko ikastola eta ukberri.net-ek emandako prentsaurrekoan, Laura Mintegi idazleak eta Kepa Ugarte kazetariak gogoratu bezala, horrelako egoerari konponbidea jartzeko euskaldunduko duen eskola baten aldeko sinadura bilketa egin zuten iaz. Orduan, 107.768 sinadura batu zituzten Euskal Herrian, horietako 2.746 Uribe Kostan bertan. Egun, “ume guztiak euskalduntzea ekarriko duen eskola eredua ez den bestelako erreforma partzialik, partxe edo iruzur berririk” ez dutela onartuko ohartarazi zuten. Era berean, bi deialdi egin zituzten: bata, ostiral honetarako, otsailak 23, Algortako Telletxe plazan arratsaldeko 5etatik 7etara egingo den jaialdi aldarrikatzailea, bertan umeentzako jolasak eta kalejira egingo dituztela; bestea, datorren martxoaren 10ean, Donostiako Antiguako pilotalekuan goizeko 11:30ean antolatuko den ekitaldi nagusia. Argazkian, joan den larunbateko prentsaurrekoa.

Uribe Kostako Eskolak Euskaldundu herri ekimeneko oharra:

Euskera Euskal Herriko berezko hizkuntza da, eta nazioarteko eskubide-adierazpen ezberdinek jasotzen duten bezala herritar guztiek dute berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea.

Hortaz, euskal herritarrok euskera ezagutzeko eskubidea dugu.

Printzipio honi jarraituta Euskal Herri osoko hezkuntza zein euskalgintzako zenbait eragile batu ginen aurreko urtean eskubide hau errealitate bihurtzeko modu bakarra belaunaldi berri guztien euskalduntzetik zetorrela hausnartuta. Belaunaldi berri guztiak euskalduntzeko bidea ezinbestez eskolak bermatu behar duela ohartuta euskara ezagutzea den oinarrizko eskubidea gauzatzeko "Eskolak euskaldundu behar du" aldarrikapena luzatu, eta sinadura kanpaina bat jarri genuen martxan.

Uribe Kostan, kanpaina hau modu ezberdinetan burutu genuen herririk herri; izan ere, gure eskualdeko datuek argiro erakusten baitute eskolak ume asko euskaldundu gabe uzten dituela adierazten duen joera berton ere ematen dela: gure eskualdean 06/07 ikasturteko matrikulazio datuak kontuan hartuta (eta Erandio, Leioa, Getxo, Berango eta Sopela udalerriak hartuta) egun Haur Hezkuntzako 1 Zikloan 812 ume daude euskaldunduko ez dituzten ereduetan matrikulatuta, hau da, oraindik ere 812 ume aterako dira gure eskualdean euskara jakin gabe (euskaldunduko dituen ereduan matrikulatuta 1.085 ume daude). Hortaz, ikusten denez egoera larria dugu eskualdean, umeen ea erdiak euskaldundu gabe jarraitzen du eta.

Zentsu honetan ozenki diogu: helburu hau, hau da, ume guztiak euskalduntzea ekarriko duen eskola eredua ez den bestelako erreforma partzialik ez dugu onartuko! Partxe edo iruzur berririk ez dugu onartuko! Onartuko dugun eskola ereduen aldaketa bakarra euskaldunduko duen eskolarena baino ez da izango.

Gauzak horrela, aurreko urtean herririk herri hainbat ekimen jarri genuen martxan eta 2.746 sinadura lortu genuen egungo hizkuntza ereduen politika ezberdinak agortuta daudela salatzeko, eta Euskal Herri osorako ume guztiak euskaldunduko direla bermatuko duen eskola ereduaren eske. Horixe baino ez: 2.746 sinadura Uribe Kostan, eta 107.768 Euskal Herri osoan euskaldunduko duen eskolaren alde!

Aurtengoan, berriro ere batu gara, aurreko urtean lortutako sinadura kopuruak adierazten duen herri borondateari muzin egin diezaioten exijitzeko, eta zentsu honetan beste ekimena antolatzeko: otsailaren 23an arratsaldeko 5etatik hasita eta 7etara bitartean Uribe Kostako eragileok Eskolak Euskaldundu jaialdi erreibindikatiboa antolatuko baitugu Telletxe plazan, bertan umeentzako jolasak eta kalejira burutuko dugu.

Eskolak euskaldundu behar duela, eta euskal herritar orok euskara ezagutzeko duen eskubidearen alde dagoen orok zita garrantzitsua du gurekin. Uribe Kostako euskalgintza eta hezkuntza munduko eragileok dei egiten dizuegu eskualdean ekimen honetan, eta bestalde, nazio mailan martxoaren 10ean burutuko den ekitaldi nagusian parte har dezazuen.

Manifestua eta deialdia luzatu dute:

Algortako Bertsolari Eskola (ALBE), Berbalamiñe euskara taldea (Leioa), Berbots euskara taldea (Erandio), Betiko ikastola, Bizarra Lepoan euskara elkartea (Getxo), Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE), Ikasle Abertzaleak (IA), Koska irratia, LAB Eskumaldea, Uribe Kostako AEK, Uribe Kostako EHE, UKBERRI.NET, eta hainbat euskaltzale eta kirolari maila pertsonalean, tartean Laura Mintegi idazlea eta Paul Bilbao Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria.

Uribe Kostako Eskolak Euskaldundu herri ekimena
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun