Ostiral honetan, otsailak 23, egingo den udalbatzarrera begira, Hiri Antolamendu Plan Orokorraren (HAPO) "aldaketa osoa" eskatzeko
mozioa aurkeztu du gaur udal erregistroan
Getxo Bizia herri plataformak. "Udalerrian inoiz izan den manifestaziorik jendetsuenetarikoan, pasa den urtarrilaren 28an milaka herritarrek Bilbo Metropoliaren Lurralde Plan Partzialak (LPP) Getxon ezarri nahi duen hiri hazkundearen aurkako aldarria egin zuten", ezker abertzaleko taldeak adierazi duenez. Hain zuzen ere, "herritarren eskaerak aintzat" har daitezen aurkeztu du mozioa. Besteak beste, hiru dira proposamen zehatzak: hirigintza txosten "eztabaidatua" baztertu eta artxibatu, dagokien administrazioei Bilbo Metropoliaren LPParen erabateko aldaketa eskatu; eta HAPOren aldaketa osoari begira, herritarren eta jendarte eragileen parte hartzeaz, etxebizitza, inguru fisiko, kultur ondasun eta bestelakoei buruzko azterketak egin. Argazkian,
Andra Mari auzo elkarteak deituta urtarrilaren 28an egin zen
manifestazioa.