Iker Gallastegi Irantzu Gallastegi preso politiko berangoztarraren osaba gaurko deitu du Juan Del Olmo epaileak Espainiako Auzitegi Nazionalean bere aurka abiatutako sumarioan deklaratzera. Auzia iazko uztailean zabaldu zen, Teresa Palacios Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. aretoko epaileak
España y Libertad (Espainia Ta Askatasuna, ETA) plataformak Iker Gallastegiren aurka ezarritako salaketaren ondorioz. Falange Vascako diruzain ohia eta
Minuto Digital-eko kazetaria den Yolanda Couceiro Morinek koordinatzen duen plataformak Tele 5 kateak Miguel Angel Blancori buruz 2006ko uztailaren 12an emandako
erreportajean Iker Gallastegik egindako adierazpenak salatu zituen. Gallastegik honakoa adierazi zuen: “zergatik eskatu behar dugu barkamena? Guri nork eskatu digu barkamena frankismoaren 40 urteak direla eta? ETAn ez dago hiltzea gustatzen zaien horietakorik, ez dago. Haien egitekoa da, aberriaren betebeharra delako hiltzen dute”. España y Libertaden esanetan “terrorismoaren goratzea” egin zuen Gallastegik. 2006ko urriaren 31n,
Ermuako Foroak “begibistako delitu baten aurrean Fiskaltzak inolako ekimenik abiatu” ez zuenez auzian bertaratu zen, Gallastegiren aurkako salaketa herritarra izateko asmoz. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak elkartasuna adierazi zion Iker Gallastegiri. Argazkian, Juan del Olmo epailea, orain dela lau urte “Euskaldunon Egunkaria” itxi zuena.