Bitakora (www.blogari.net/guehe) ere kaleratu berri dute eta horretan ematen dituzte aipatu ekimenaren gaineko xehetasunak. Horri bultzada emateko kale-errotulu bat euskaraz jartzeko asmoa zuten larunbatean bertan, baina arazo teknikoak tarteko, beste egun baterako uztea erabaki zuten. Azkenik, etxebizitzak eraikitzeko proiektua dela medio, Getxo aldeko euskaldunak eta bertoko euskararen aurkako "erasoa" salatu zuten, baita "ondoan" izango dituztela esan ere.
Gu EHEk irakurritako prentsa oharra:
Agerpen honen bitartez, Gu EHE aurkeztera gatozkizue; Getxo udalerriko militantzia berrantolatzeko Euskal Herrian Euskarazek emandako urratsen emaitza. Algorta eta Itzubaltzetako taldeak bateratuz, euskararen ofizialtasunaren beharra islatu eta eskuratzeko lan egingo du udalerri osoan Gu EHEk. Halaber, gure hizkuntzak pairatzen dituen erasoei aurre egingo diegu. Gauzak horrela, euskaldun eta euskaltzale orori dei egiten diogu taldearekin bat egin edo laguntzeko, besteak beste, antolatutako ekimenetan parte hartuz.
Udal administrazioa eta euskararekiko udal politika izango dira gure lehentasunak. Prestatu dugun lehendabiziko ekimena ildo horretan doa. Getxo udalerriko kaleetan asko dira euskaldunon hizkuntza eskubideei iseka egiten dieten errotulu, plaka edo bide-seinaleak, batzuk erdara hutsez daudelako eta asko diglosikoak direlako. Gainera, guk eskubide duguna, 2002an onartutako Getxoko Euskara Planean zein 2003-2006rako EBPNan lehentasuntzat jo zuen Getxoko Udalak. Hala ere, arlo horretan, gutxi egin dute urte guzti hauetan. Hartara, argazki kamera digitala (edo sakeleko telefonoa) eskuan hartu, kale-izena daroaten errotulu erdaldun eta diglosikoei irudia atera eta alkateari zein guri bidaltzeko gonbitea luzatzen diegu herritarrei. Argazkiekin batera igortzeko, idatzia prestatu du Gu EHEk horiek berehala desagertzeko exijituz. Salaketa kanpainaren zein bestelako ekimenen gaineko xehetasunak sareratu berri dugun bitakoran dauzkazue, www.blogari.net/guehe helbidean. Halere, Getxoko Udalak egin ez duena salatu soilik ez, guk geuk egingo dugu. Gaur, bat izango da euskaraz jarriko dugun errotulua, baina Udalak ikasi ezean, hurrengo hilabetean bi izango dira, hiru hurrengoan, eta abar. Beraz, Udala, bete hitza! Kaleak euskaraz orain!
Amaitu baino lehen, ez genituzke ahaztu nahi Getxo aldeko euskaldunak. Zortzi mila etxebizitza baino gehiago eraikitzeko egitasmoak, baserri-ingurua ez ezik, udalerriko harri preziatua den Getxoko euskara ere jarriko du arriskuan. Nolatan iraungo du baserri giroan sustraitutako ele zaharrak hormigoiz estaltzen badugu? Horren iraupena bermatzeko nahikoa al da, Udaleko ordezkariren batek auzokideei agindu bezala, liburuetan eta audio grabaketetan biltzea? Argi eta garbi, ez! Horregatik, ondoan izango gaituzte Getxoko bizilagunek.
Getxo udalerriko Euskal Herrian Euskaraz (Gu EHE)
e-posta: guehe(a bildua)euskalerria.org