Getxo Biziak eta Etxeratek gaurko udalbatzarrean aurkeztutako mozioari dagokionez, Iñaki de Juanari ezarritako sententzia berria ez zaiela "ondo iruditzen" erantzun dio Josu Amezaga ezker abertzaleko herri plataformako ordezkariari Iñaki Zarraoak. Halabaina, preso donostiarraren oraingo jarrerarekin ez datozela bat zehaztu du udal agintariak. "Bere garaian salatu genuen Iñaki de Juanaren egoera, zigorra ikaragarria iruditu zitzaigulako, baina egoera aldatu da. Orain ere ez zaigu ondo iruditzen, baina gero bakoitzak bere estrategia jarraitzen du. Guk ez dugu zertan bat egin behar De Juanaren, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK), zuon (Getxo Biziari buruz) edota ETAren estrategiarekin", azaldu du Zarraoak. Bestalde, biolentziaren gaitzespena gora eta behera, "nork eta zer gaitzesten duen" eztabaidatzeko prest agertu da Getxo Bizia, "baldin eta behingoz hitza ematen bazaigu". Horri erantzunez, "gatazkaren ondorio dela argudiatuz" gaitzetsi beharra ekiditzea egotzi die ezker abertzaleko kideei alkateak.
Senideei laguntzak
Presoei bisitan joateko Getxoko Udalak diru laguntzak noiz emango dituen ere galdetu dio Zarraoari Amezagak. "Presoen senideei banatu beharreko 2005eko laguntzak ez dira oraindik heldu. Hori gutxi balitz, 2006an ez da ezta deialdia ere egin eta dagoeneko 2007ko otsailaren bukaeran gaude". "Martxan jartzen duguna bete egiten dugu eta hau ere bete egingo dugu", bota dio atzera Zarraoak. "Halere, badirudi diru hori ez dutela behar, zeren guri eskatu bai, baina Eusko Jaurlaritzari ez diote eskatzen", aurpegiratu dio Amezagari alkateak.