Presoen Aldeko Taldeek (PAT) deituta, amnistia eta autodeterminazioaren aldeko mobilizazio eta ekintza ugari izan dira atzo eta gaur Bizkaiko fakultate desberdinetan. Horretaz gain, Etxeraten deialdiarekin bat eginez, presoen eskubideen aldeko geldialdiak burutu dira. Atzo hasi ziren mobilizazioak: unibertsitate eskolak goizetik agertu ziren amnistiaren eta autodeterminazioaren aldeko panel, kartel eta pankartez josita eta ikasleei eskuorriak banatu zitzaikien ordu beteko etenaldiaren arrazoien eta Iñaki de Juanaren egoeraren berri emanez. Ondoren, eguerdi aldera, kontzentrazioak egin ziren Casilla (12 lagun), Magisteritza (10 lagun), San Mames zein Deustuako fakultateetan, PATek jakinarazitakoaren arabera. Gaurkoan, Erandio eta Leioako campusari egokitu zaio txanda: 12:00etatik 13:00etara bitartean, geldialdia egin dute PAT, EHBE, Segi eta LABek deituta eta 115 lagun elkartu dira kafetegi nagusian. Argazkian, gaurko kontzentrazioa Leioako campusean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!