Behin ostiral honetako osoko bilkura bukatuta, Marisa Arrue bozeramailea buru zutela, itxialdia hasi dute
Getxoko PPko zinegotziek. Bertan egoteko asmoa dute gauerdira arte, "Udalean eztabaida berreskuratu dadila" exijitzeko Iñaki Zarraoa alkateari. Izan ere, "azken sei hilabetetik hona, Imanol Landa EAJren alkategai izendatu zutenetik", euren hitzetan, PPk aurkeztutako mozioak "eztabaidatuak izan daitezela galaraztea" egotzi diote udal agintariari. Horretaz gain, "oposizioko alderdien legezkotasuna onartzen ez duen bitartean, Batasuneko kide den
Getxo Biziarekin eztabaidatzea" leporatu diote hirukoari (
EAJ,
EA eta
EB-Berdeak). Oraindik orain udalbatzar aretoan jarraitzen dute bederatziek. Hala ere, Bizkaiko PPko prentsa bulegoak zabaldutako azken oharraren arabera, 22:00etarako, zinegotziak "kanporatu eta udaletxea itxi edo bihar arte bertan giltzaperatuta uzteko" agindua eman die udaltzainei Zarraoak. Itxita uzten badituzte "bahiketagatik" salaketa jarriko dutela iragarri du Arruek. Argazkian, Getxoko udaletxea.