“Jarrera honekin, PPk bere izaera faxista eta guztiz demokraziaren kontrakoa erakutsi du. Jende hau benetako frankista berriak dira, eskuin muturrekoak dira, hauek ez dute demokrazia onartzen, dena beren kortijoa izango balitz bezala tratatu nahi dute, beraz, diktadura garaiak ari dira amesten eta garai hartan zituzten botereak berreskuratu nahi dituzte", adierazpen horiekin baloratu zuen Iñaki Zarraoa alkateak joan den ostiralean, otsailak 23, Getxoko PPko zinegotziek udalbatzar aretoan egin zuten itxialdia. Udal agintariak iragarritakoaren arabera, popularrak auzitara eramatea aztertuko dute, "bahiketa" egin zitzaiela diotelako. "Euren borondatearen kontra" atxiki zituztela eta, Zarraoaren aurkako salaketa jartzea aztertzen ari dira. Popularren asmoa protesta gauerdian amaitzea bazen ere, goizaldeko 1:30ak arte itxaron behar izan zuten udaletxetik ateratzeko, ateak itxita baitzeuden. Aipatu orduan zinegotziek jarritako pankarta kentzera joan ziren udaltzainak eta orduan atera ziren PPkoak. Kanpoan lagun eta senide ugari zituzten. Argazkian, Marisa Arrue eta EAEko PPko buruzagiak irribarretsu aurtengo Algortako San Lorentzo azokako istiluetatik bueltan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!