Areetako batzokiaren aurkako erasoa aldarrikatu dute Bilbon gertatutakoaren erantzun gisa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ots. 26a, 22:02

Atzo goizaldean Areetako Bidebarrieta kalean dagoen batzokia molotov koktelak jaurtiz egindako erasoa aldarrikatu dute ohar baten bidez hainbat ezezagunek. Hainbat komunikabideri bidalitako mezuan "sabotaje ekintza" bere gain hartu eta larunbatean arratsaldean amnistia eta autodeterminazioaren aldeko Bilboko manifestazioan gertatutakoaren erantzuntzat jo dute erasoa. "Mobilizatu ziren milaka eta milaka herritar jipoitu eta zauritzeaz gain, bi pertsona ere atxilotu zituen, eta beste hamaika identifikatu eta mehatxatu zituen PNVren Ertzaintzak. Manifestazio eskubidea urratzearekin nahikoa ez eta herritarrak modu basati eta koldarrean erasotu zituen PNVk", adierazi dute oharrean. Horren harira, "gatazka luzatzearen aldeko apustu garbia" egitea egotzi diote "Josu Jon Imaz gidari duen PNVri" ezezagunek. Bitartean, Ertzaintzak Bilbon izan zuen jokaera "babestu" eta ezker abertzaleari liskarrak bilatu izana egotzi dio Eusko Jaurlaritzak. Argazkian, 2006ko urriaren 13an Areetako batzokiko fatxadara botatako pintura arrautzak.

Ezezagunek molotov koktelak jaurti zituzten atzo goizaldean, otsailak 25, Areetako batzokiaren kontra. Erasoa 1:00etarako minutu batzuk falta zirenean gertatu zen. Fatxada belztuta geratu zen baina kalte materialak txikiak izan ziren. Ez zen beharrezkoa izan suhiltzaileen lana. Horren aurrean, besteak beste, Alderdi Popularrak erasoa salatu eta EAJko kideei bere elkartasuna adierazi zien. Marisa Arrue Getxoko zinegotziak adierazitakoaren arabera, "nazionalisten planteamendu politikoekin desadostasun handiak izatea ez da oztopo euren egoitza eta kideen aurkako erasoak salatzeko".

Aldarrikapen mezua:

Ohar honen bidez gure gain hartzen dugu larunbat gauean PNVk Areetan duen batzokiaren aurka buruturiko sabotaje ekintza.

Ekintzaren nondik norakoak argiak eta zehatzak dira; larunbatean bertan, Bilbon euskal preso politikoen eskubideen alde mobilizatu ziren milaka eta milaka herritar jipoitu eta zauritzeaz gain, bi pertsona ere atxilotu zituen, eta beste hamaika identifikatu eta mehatxatu zituen PNVren Ertzaintzak. Manifestazio eskubidea urratzearekin nahikoa ez eta herritarrak modu basati eta koldarrean erasotu zituen PNVk. Hala ere, ezinbestekoa da gatazka politikoaren erroetara jotzea jazotakoa ulertu ahal izateko.

Izan ere, Josu Jon Imaz gidari duen PNVk apustu garbia egin du gatazka luzatzearen alde. Azken hilabeteotan hamaika izan dira Euskal Herriaren luze-zabalean konponbidearen aldeko borrokan aritu direnen aurkako eraso eta jazarpen politikak, eta zehazki Euskal Autonomia Erkidegoan PNV da horren erantzule zuzena. Finean, larunbatean Bilbon gertatutakoa politika zanpatzaile horren azken adierazgarria baino ez da.

PNVk badaki egoera hau gaindituko lukeen bidea zein den; elkarrizketaren eta akordio politikoaren bidea alegia. Baina horretarako Euskal Herriari zor zaizkion eskubideak onartu behar ditu, gako politiko eztabaidaezinak: autodeterminazioa eta lurraldetasuna. Eskubide horien errespetuan baino ez baita gainditzerik izango egungo gatazka egoera.

Konponbidea inoiz baino beharrezkoagoa dugu, Euskal Herritarron eskubide ukaezina eta gure nahia horixe da. Baina argi gera dadila herritarrak modu bortitzean erasotzen dituenak modu beretsuan jasoko duela erantzuna, ezbairik gabe herriak erantzun hori emateko duen zilegitasun osoarekin.

Azkenik, gure konpromezua berresten dugu borrokan tinko jarraitzeko, argi utziz herriak jasotako eraso guztiei herriak berak behar besteko erantzuna emango diela.

PNV, aski da, Euskal Herria errespetatu!
Konponbidea orain!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun