Landa errepideak
Barrikako hainbat landa errepidetako argiztapen eta asfaltatze lanak aurki hasiko dira. 41.000 euroko aurrekontua bereiztu du Udalak Goierri, Arriaga-Gane eta Ganbe batzen dituen errepideetan argi berriak jartzeko. Egun, argi arazo ugari izaten da errepide horretan gaua iristearekin batera. Ibilbidean hainbat farol berri jarriko dituzte. "Horiek guztiek tokiko 21 Agendaren kompromisoak beteko dituzte, ingurumenari ahalik eta kalte txikiena egiteko", adierazi dute udal iturriek. Horrez gain, Etxetxubarritik Ardantzara doan udal errepidean asfalto berria jarriko dute. Gaur egun hainbat arazo ditu errepide hontako zoluak, eta Jose Mari Ezpeleta alkateak onartu duenez, “auzoak kexu dira bidean zuloak daudelako, eta Urdulizko errepidera irteerarik ez duelako uzten. Arazo hauek konponduko ditu asfalto berriak". Egitasmorako 70.000 euro bideratuko ditu Udalak.