Udaletxea konpontzen eta hainbat herri lan egiten dabiltza Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ots. 27a, 12:35

Atalez atal, udaletxea berritzen ari dira Berangon. Hasieran eraikinera sartzeko arrapala jarri zuten. Ondoren, jatorrizko etxeak zeuzkan oztopo arkitektonikoak ezabatzeko, igogailua ipini zuten. Hirugarren atal honetan, berriz, ezkaratzean eta beheko solairuan dagoen eremua erabilgarriagoa bilakatzeko lanak egingo dituzte, udal iturrien arabera. Horien baitan eskailerak ere moldatuko dituzte, argi gehiago sar dadin eta seguruagoak izan daitezen. Eskaileren moldaketa eta ezkaratzeko lanak amaitzen dituztenean, udaletxearen alde bietako gelak berrituko dira, herritarren harretarako bulegoa, udaltzainen egoitza eta bake epaitegia dauden gelak hain zuzen. "Udaletxean egiten ari diren lanen azken helburua da oztoporik gabeko eremua sortzea, herritarrentzat atseginagoa izan dadin", nabarmendu dute. Birmoldaketen hirugarren atal honek 160.000 euroko aurrekontua du. Argazkian, Elexalde.

Bestalde, Elexbidea eta Lantzarteko oinezkoentzako bideak konponduko ditu Berangoko Udalak, herri barruan alde batetik bestera oinez joan nahi dutenentzat lagungarri. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetza izango du tokiko erakundeak, 176.000 euroko aurrekontuarekin, zatirik handiena Udalaren esku. Lanak hilabete barru hasiko dira seguruenik. “Lantzarten bide gehienak konponduta daude, baina zati bat gelditzen da atontzeko, orain moldatuko dena”, azaldu du Miren Dobaran alkateak. Larrañazubiko landa bidea ere konponduko dute, horretarako 113.000 euro bideratuz. “Egitasmo biek dirutza handia eskatuko diote Udalari, baina garrantzitsua irizten diogu herritarren mugikortasuna bultzatzeari”, udal agintariaren hitzetan.

Sabino Aranako igarobidea

Bestalde, dagoeneko hasi dira sabino Arana kalean dagoen oinezkoentzako lur azpiko pasabidea kentzeko lanak. Leku berean beste zeharbide bat altxatu da, herritarrek kalea gurutzatzeko erabil dezaten. Pasabide berriak semaforoa dauka, oinezkoari kalea gurutzatzeko gelditzen zaion denbora zehazten duena. Lur azpiko pasabidea kentzea erabaki du Udalak “ez delako batere erabilgarria, ia inork ez duelako erabiltzen eta zikinkeria pilatzen delako”, Dobaranek adierazi duenez. “Berdintasun egitasmoaren baitan aintzat hartutako kontua zen gainera, era honetako pasabideak arriskutsuak direlako, emakumeentzat batik bat”, gaineratu du. Lur azpiko igarobidea kentzeko 40.000 euro jarri dituzte. Lanak Aste Santurako amaituko direlakoan daude.

Farolak

Azkenik, Berangoko herrigunean dauden farolak aldatzeari ekin dio Udalak, argi-kutsadura sortzen duten farola borobilak, alegia. Berriek ez diote argiari gora zuzentzen uzten, goikaldean duten estalkiarekin “askoz ere kutsadura txikiagoa sortzen dute, eta gainera energia aurreztea ahalbidetzen dute”, esan du alkateak. Herriz herriko Agenda 21 egitasmoak aurreikusten zuen ekimenetako bat da farolak aldatzea. Horretarako 40.000 euroko aurrekontua du Udalak. Aste Santurako aldatuta egongo omen dira guztiak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun