Azkarate eta Otxoa ikasle presoak askatzea eskatu dute ehun bat lagunek Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ots. 28a, 22:57

Gaur goizean, otsaileko azken asteazkena dela eta, ohiko mobilizazioak egin dira Bilboko zenbait fakultatetan euskal preso politikoen eskubideen alde. Mobilizazio hauen bidez, Presoen Aldeko Taldeek (PAT) Iñaki de Juana preso politikoaren egoera larria salatu nahi izan dute. Hain justu ere, ostiralean herri guztietan iluntzean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute. Bien bitartean, Erandio eta Leioako campusean, bertoko ikasle diren Miren Azkarate eta Asier Otxoaren askatasunaren aldeko manifestazioa egin dute 100 bat pertsonek, "Errepresioa ez da bidea, Miren eta Otxoa askatu!" lelopean. Argazkian, Leioako campuseko manifestazioa.

Manifestazio jendetsuak campusa zeharkatu du eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean bukatu da. Azkarate eta Otxoaren klasekideek testu bat irakurri dute aurrena eta ondoren Leioako Presoen Aldeko Taldeak honakoa:

Leioako PATren oharra:

Miren Azkarate kazetaritza ikaskidea otsailaren 17tik dago espetxean. Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorraren ondorioz atxilotze agindua zuen Mirenek eta horren ondorioz bere borondatez sartu zen Martuteneko kartzelan. 2002an, 18 urte zituela atxilotu eta lau egunez inkomunikatuta, erarik krudelenean torturatu zuen Guardia Zibilak. Torturapean egindako deklarazioez baliatuz 5 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Espainiako gobernuak tortura posible egiten du inkomunikaziorako salbuespen lege eta Auzitegi Nazionala den salbuespen tribunalaren bidez. Torturapean sorturiko deklarazioak, euskal herritarrak zigortzeko froga nagusi gisa dira erabiliak, Mirenen kasuak argi erakusten duen bezala.

Espainiar Estatuaren errepresioaren adibideak ugariak dira. Unibertsitatetik atera gabe, baditugu hainbat kasu. Asier Otxoa soziologiako ikasle gaztearena dugu horietako bat. Jarrai-Haika-Segi auzia dela eta Topasen, Salamancan, dago kartzelaraturik beste 22 gazte bezala. Euskal Herriaren alde lanean aritzeagatik terroristatzat hartzen dituzte gazte hauek.

Adibideak ematen jarraituko bagenu ez genuke sekula bukatuko. Eta horietako bakoitzak behin ta berriz frogatzen du Espainiar Estatuak gatazka konpontzeko duen borondate falta. Salbuespen lege eta politika hauek desagertu egin behar dira Euskal Herrian, demokrazia eza gaindituz eta eskubide guztiak errespetatuak izango diren egoera berria sortu, baldintza demokratikoak sortuz: errepresio politikoaren desagerpena, errepresaliatu politikoen aitortza eta herritar ororen eskubideen errespetutik. Lurraldetasuna eta autodeterminazioa dira gatazka konpontzeko oinarria eta amnistia izango da ondorioa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun