Berangon 200 lagun inguruk salatu du Gallastegi, Hidalgo eta Gañanen kontrako epaiketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 1a, 12:44

Orkatz Gallastegi (Berango), Aimar Hidalgo (Algorta) eta Gaizka Gañani (Santurtzi) Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari zaien epaiketa salatzeko, 200 lagun inguruk parte hartu zuen Berangon atzo egindako mobilizazioan. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoran zehaztu duenez, manifestazioaren hasieran epaiketan izandako familiar batek azaldu zituen epaiketaren gora beherak: "epaiketa fartsa bat besterik ez da izan, ertzainen deklarazioa kontraesanez beteta egon da, guztiz zentzugabea izan da: ADN froga horiek jasotzeko prozedurak azaltzerakoan lehen lerroan zeuden kazetariak algaraka hasi dira. Bestalde, Gañanek eta Orkatzek jasandako torturak azaldu dituzte eta, horren gainean, ertzainek esan dute euren borondatez egin zituztela deklarazioak, kasu batean galdetu gabe ere, deklarazioak oso zehatzak izan zirela azpimarratuz. Autobuseko gidariak deklaratu duenez, autobusa erre zuten guztiek kaputxa beltzak zituzten (ertzaintzak aurkeztutakoak berdea, urdina eta zuri-urdina dira, hurrenez hurren)". Argazkian, Ekimen Ibiltariaren harira, Berangon egin zen enkartelada, urtarrilaren 1ean / Etengabe.

Gañan egun horietan Galizian zegoela deklaratu zuen, epaiketan izandako senideak azaldu bezala: "lekuko bik eta bertan izandako arazo bategatik anbulatorioan izandako kontsultaren agiria ere aurkeztu dute. Aimar ere egun horretan autobusa erre zuten orduan lanean izan zela deklaratu du beste lekuko batek", gaineratu zuen. Epaiketaren balorazio ona egin arren, "Espainiako Auzitegi Nazionala izanda esperantza handirik ez" duela aitortu zuen familiarrak. Bestela, epaiketa atzeratu egin da perito bi agertu ez direlako eta "epaile batek arratsaldean konpromiso sozialen bat omen zuelako".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun