Begoña San Jose Politika Feministako Forumaren presidenteak eskainiko duen hitzaldi-eztabaidak zabalduko du astearte honetan, martxoak 6, ekitaldi egitaraua. Saioa 19:00etan hasiko da Itzubaltzeta / Erromoko nagusien etxean. Gaia “emakume elkarteak eta hiritartasun aktiboa” izango da. Hilaren 8an, iaz bezala, horma-irudi partehartzailea egingo da, 9:00etatik aurrera, Algortako San Nikolas plazan. Aurtengo murala Maitane Galarraga 21 urteko artista getxoztarrak diseinatu du eta Itzubaltzeta / Erromoko Santa Eugenia plazan ipiniko dute. Egun horretan bertan, 12:30ean, herritarrei eskainitako luncha egin eta egin duten agiria irakurriko dute Getxo udalerriko emakumeen elkarteek. Arratsaldean Bilboko Arriaga plazatik 19:30ean abiatuko den manifestazioara joateko deia ere egin dute. Hilaren 9an antzerkia izango da eguneko protagonista, 19:30ean, Algortako Getxo Antzokian, “Palascarra y un camino” antzeztuko baitute Ekoma eta Simulacro Teatro taldeek.
Berdintasun politika
Martxoaren 19an eta 26an berdintasun politiken gaineko bi jardunaldi antolatu dituzte emakumezkoen elkarteei zuzenduak. Algortako Villamonteko kultur aretoan egingo dira 10:00etatik 12:00etara bitartean. Hilaren 26an bertan, 19:00etan, eta leku berean, “Getxoko mendetasun egoeran dauden pertsonen zaintzari buruzko dekalogoa” aurkeztuko dute. Horrez gain, hilaren 5 eta 16 artean, "Emakumeen elkartegintza Bizkaian, hurbilketa historikoa” erakusketa ikusteko aukera egongo da, Itzubaltzetako kultur aretoan. Azkenik, Gizatiar elkarteak, hileko ekitaldien barruan, hitzaldiak antolatu ditu gaiari lotuta. Hurrengoa “Despiertas” izenburukoa izango da, martxoaren 8an bertan; hilaren 15rako zine-foruma antolatu du Nigel Colen “Las chicas del calendario” filmearen inguruan. Ekitaldi hauek Itzubaltzetako kultur aretoan, 18:00etan, egingo dira.