B eta D ereduen berri emateko txokolate festa egingo dute bihar Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 1a, 22:56

Getxoko Udaleko Euskara eta Inmigrazio eta Kulturartekotasun zerbitzuek txokolate festa antolatu dute ostiral honetarako, martxoak 2, 20:15ean, Algortako Kasinoan. Azken bi urteotan bi zerbitzu hauek elkarregaz antolatutako jardueretan, Munduko afariak eta Euskarashowa kasuak kasu, edo etorkinei B eta D hezkuntz ereduen ganeko informazioa emateko antolatutako batzarretan parte hartu dutenei eskerrak emateko izango da ekitaldia. “Beste herrialde batzuetatik etorritako getxoztarren euskara eta euskal kulturarekiko ezagutza eta inplikazio maila indartu aldera egin diren jardunak izan dira. Inplikazio hori gizarteratzeko eta elkarren arteko hartu-emonetarako formula egokia dela zabaldu nahi izan dugu ere bai”, dio Imanol Landa zinegotziak.

Jardun hauen bitartez lagun talde bat osatu da, kanpotik etorritakoekin eta bertokoekin, eta horiei antolatutako ekitaldietan parte hartzeagatik eskerrak eman nahi dizkiete txokolate festa horren bitartez. “Egitasmo hauek oso garrantzitsuak izan dira etorkinak eta euren seme-alabak bertakotzeko. Aintzat hartu behar dugu nortasun arazoak bigarren belaunaldietan sortu ohi direla. Hartara, euskara baliatuta, bertakotzearen alde jarraitu behar dugu lanean”, Iñaki Urkiza Gizarte Zerbitzu zinegotziaren ustez.

Matri&Kula eta Euskarrito

Horren harira, aipatu udal zerbitzuek biharko jaia baliatuko dute B eta D hezkuntz ereduen eta horien "abantailen" ganeko sentsibilizazioa suspertzeko, eskola-matrikulazio epea martiaren 4ra arte dagoelako zabalik. Matri&Kula bikotea ere gonbidatu dute jaia girotzeko, eta hainbat lagunek euskara aukeratzeagatik bizi izan duten esperientziaren ganean egingo dute berba. Horrez gain, aipatu eskola matrikulazio epeari begira, Euskarrito delako informazio gunea udalerrian barrena ibiliko da B eta D hezkuntz ereduen berri emateko. Bertan, aita-amek, hala nahi izanez gero, informazioa jasoko dute. Larunbatean Ibaiondoko futbol zelai inguruetan izango da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun