EB-Berdeak eta EArekin osatutako gobernu-koalizioarekin "begirunez eta zintzo" jokatu dutelakoan dago Landa, "baina talde politikoa garen aldetik, argi dago eskubidea ez ezik, behar politikoa ere dugula auzokideei gure proposamenaren berri emateko, gobernu-konpromisoari eutsita ere". EAJk altuera txikiko eraikinak (beheko solairua gehi hiruzpalau gehiago) altxatzea proposatzen du, kale handirik egin gabe. Etxebizitza dentsitaterik handienak egiteke dagoen Ibarbengoa metro geltokiaren inguruan kokatuko lirateke, Bidezabal eta Berango artean, eta etxebizitza guztietatik %75 babes ofizialekoak eta gazteentzako nahikoak. "Hazkundea mailakatua izango da, ez aldi berekoa, Algorta paretik hasi eta Azkorriraino. Ziontoetxe errepidea eta kostaldearen arteko zatia, aldiz, eraiki gabe geratu beharko litzateke momentuz, egitasmoa gauzatu bitartean behintzat", zehaztu du Landak. EAJko kideen hitzetan, zortzi urtez luzatuko da Getxo aldeko urbanizazioa.
Lo-hiririk ez
Landak nabarmendutakoaren arabera Getxorako lo-hiririk ez dute nahi jelkideek. "Bertan uztartuko dira bizitegia eta jardun ekonomikoa: merkataritza, lanbide liberalak, hirugarren sektoreko jarduerak... Hau da, auzo dinamikoa nahi dugu, bertan bizi eta gozatzeaz gain, lan egin daitekeen lekua dena eta bizitasunez betetako kaleak dituena", azaldu du alkategaiak. Jardun ekonomiko gunea ere nahi dute Martiturri Parkea izenekoa. "Alde horretatik ez dugu etxebizitza multzo huts bezala taxutu nahi, baizik eta aukera bat bezala, gaur egungo herritarren eskakizunei erantzungo diena. Eskakizunen artean gure gazteek etxebizitza eskuratzea, ingurumena errespetatzea eta kalitatezko hirigintza garatzea daude. Eta aipatu hirigintza horrek behar hauei erantzun beharko die: espazio publikoa, berdeguneak, toki irisgarriak, mugigarritasuna, ekipamendu publikoak, kiroldegiak, eskolak, garraiobide hurbil eta eskuragarriak...", gaineratu du. Ingurumen inpaktuari buruzko ikerketa ere egingo dutela adierazi dute. Hala ere, LZP eta EAEko Lurzoruaren Legea "denok betebeharrekoak" direla argitu du Landak. Nahi duten etxebizitza kopuru zehatzari dagokionez, ez du zifrarik eman nahi izan, "azken fasean zehaztu beharreko kontua" delako.